Azalpena

“Euskaldun, nola du izena zure lurraldeak?” izeneko lan honek (erdaraz: “Vasco, ¿cómo se llama tu país?”), sarritan pil piliean egon den izenaren gaia lantzen du. Euskaldunon eremu antropologikoa izen ugarirekin ezagutzen da: País Vasco, Navarra, Euskadi, Euskal Herria, Pays Basque, Basque Country, Vasconia, etab. Oso politak denak; oso erromantikoa eta aberatsa, baina sakabanatua. Eta ugaritasun horrek erreputazio potentziala ahuldu besterik ez dio egiten.

Garai digitalak erabaki garrantzitsuak hartzera bultzatzen du edozein lurralde, komunitate, nazio edo estatu, lurralde marka edo country brand-a garatzeko. Izena zenbat eta gehiago fokalizatu eta gutxiago ugaritu posizionamendu hobea lortzen da.

Oinarrizko jokamoldea da lurralde guztiendako, baina, batez ere, txikiendako: marketing digitalaren garaian zerbait izan nahi dutenendako.

Euskal eremuak, aintzinatik ezaguna denak, beharrezkoa du betidanik izan dituen arazo kroniko batzuk birpentsatseko ahalegina egitea. Lurraldeen lehian bere erreputazioak gora egin dezan nahi badu, betidaniko arazo horiek, behingoz, gainditu beharko ditu.

Horretarako, sakon-sakonetik hasi beharko da bidea jorratzen, oinarri-oinarritik. Hizkuntzak direla, administrazio egiturak direla, ideologia dela edota beste arrazoi batzuk medio, izena bera nahaste iturri da.

Aurreiritziek eta aldez aurretik egindako hautuek erabaki zuzena hartzea mugatzen dute sarritan. Horregatik, beharrezkoa da gaiari ikuspegi zabalaz heltzea, gure buruari “zergatik ez?” galdera eginez. Horrela, gaia era positiboan lantzeko aukera izango dugu, eta geure buruari esan ahal izango diogu: saiatu gaitezen!

Izen aniztasuna gainditu eta izen bakarra aukeratzearen bidean, liburu honek proposamen bat dakar: arrazoitua eta ausarta.