“Gernikako Arbola” etorkizunari begira, berriz ere

“Eraikuntza kulturalak beti dira berritasunaren eta herentziaren fruitu. Ezer ez da zerotik abiatzen” horrela dio Oriol Bartomeus-ek “El paso del tiempo” saiakeran. “Gernikako Arbola” ereserki gisa onartzeko ahalegina ere hori da, aurrekoetan oinarriturik etorkizunari begiratzeko era berri bat.

“Gernikako Arbola” Euskal Herria/Baskonia-ko ereserki gisa onartzeko ekimenak berri onak batu ditu berriz ere. Adibide politak, gainera. Bada rock talde bat bere kontzertu ugarien hasieran interpretatzen duena. Aurrekoan, Iparragirre musikalaren amaieran publiko osoak zutik kantatu zuen Zornotzan. Irratietako eztabaidetan ere behin baino gehiagotan sutsu defenditua izan da euskaldunon ereserki legez. Horiez gain, datorren azaroaren 26an, igandez, Urretxun ospatuko da “Gernikako Arbola” ereserkiaren 1. Batzarra, Jose Maria Iparragirrek lehen aldiz kantatu zuenaren 170. urteurren honetan.

Baina badira “Gernikako Arbola” kantuak sasoi honetako ereserki gisa balio ez duela aipatzen dutenak ere. Batek dio Euskal Herria/Baskonia-ko ereserkitarako kantu egokiena zein izango litzatekeen eztabaida entzun duela eta bere iritzia horrela ematen du: “himno bat izatea hain garrantzitsu bada kanta dezagun “Txoriak txori””.

Badakigu uda honetan bertan Baionan eta Iruñean “Txoriak txori” biziki kantatu dela. Ni ere, irudi horiek ikusten ditudanean, poztu eta hunkitu egiten naiz. Baita Akize-ko jaien amaieran “Agur Jaunak” jotzen dutenean ere.

Baina horregatik ez dut “Txoriak txori” edo “Agur Jaunak” ereserkitarako proposatzen. Gustuko ditut, noski!, baina ereserki batek baldintza batzuk bete behar ditu. “Txoriak txori”-ren letra ez dakit den ereserki baterako. Askori galdetu diet eta inork ere ez dit baieztatu egokia denik.

“Gernikako Arbola”, berriz, bai. Ereserki batek izan behar du epika, herritar guztiek kantatzeko moduko musika, letra erraza, herri konkretu bati kantatua, ideologia guztietako jendeak onartzeko modukoa eta “Gernikako Arbola”-k hori guztia badu. Gainera, ereserkia luzerako izan behar da, belaunaldiz belaunaldi igaroko dena, aldatzen aritzeko beharrik gabe. Dagoeneko 170 urte bete ditu eta egun balio duena da, arrakasta handiz pasatu du belaunaldi batetik bestera bere baliagarritasun froga, adin aldaketa gaindituaz.

Hain zuzen ere, ereserkirako lehen estrofa bakarrik hartzea proposatzen da, gehituaz “gora Euskal Herria eta euskaldunak, gora!”. Letra hori lasai irakurriz gero, ez du ematen ezerk sorrarazi dezakeenik ezinegona, edozein belaunaldi eta adinetakoa izanik ere.

Bi hitz omen dira gustatzen ez ei zaizkienak, bedeinkatu eta santua. Hitz biak, hain zuzen, euskaldunen artean era metaforikoan sarri erabili izan dira. Orotariko Euskal Hiztegian hainbat esaldi daude, bi hitz hauek testuinguru erlijiosotik at erabilita. Etxeparerengandik hasita, ikus bedeinkatua: Garaziko herria / benedika dadila, / heuskarari eman dio / behar duien thornuia. E 251. Urratuten ditu kartaak ta egiten dau promes legez ez geijago kartarik eskubetan artuteko. […] irabazi baleu, bedeinkatuko zituban kartak. Mg CO 58. Goikua lorak erregatzen asi zan eta gu bedinkatu giñuzen» Elexp Berg.  Eta santua hitzarekin, antzera. Hemen beste adibide batzuk: Alferrik ibilli zan / goiz santu guztian, / ezin topaturika / eizika mendian. It Fab 75. Tebeo bana erosi ostean, herritik zeihar iragan ziran, denek santuak ikusten. Ib. 160s.

“Gernikako Arbola” kantua alegoria bat da, arbola dela esateak, bedeinkatua dela, euskaldunen artean guztiz maitatua edo eman da zabaltzea munduan fruitua, arbola santua adoratzen dugula aipatzeak zentzu alegorikoan ulertu behar dira. Eta natura, maitasuna, munduan fruitua zabaltzea, arbolak kantu horretan duen esanahia, zerk horrek baino gaurkotasun handiagorik?

Eta hor dago kanta honen puntu indartsuenetarikoa. Inor molestatu barik, gaur ere edonork bere egin dezakeela, deritzon interpretazioarekin, belaunaldi guztiontzako baliagarri izanik. Etorkizunari begira ere.

Esta entrada fue publicada en Sin categoría. Guarda el enlace permanente.

Deja un comentario