
Artikulu honen lehen partean Frantziako Pyrénées Orientales departamenduaren izen aldaketaren eskaera zer puntutan dagoen eta zertan datzan azaldu da. Bigarren zati honetan Baskonia Iparreko eremua kokaturik dagoen Pyrénées Atlantiques departamenduaren izena aztertuko da, baloratuaz deitura aldaketa eskatzea zenbaiterainoko egokia den, beti argi esanez, oraingo sasoi honetan, ez dela euskal eremua dagoen Pyrénées-Atlantiques departamenduaren deitura aldatzearen aldeko inongo aldarrikapenik antzematen.
Aldarrikapen gabezia honetan pisu handia izan dezakete zenbait faktorek. Esaterako, lehenagoko izena, Basses-Pyrénées, oso denbora gutxi pasatu dela 1969. urtean aldatu zenetik edo jakiteak departamendu batek ere ez duela aldarrikatu gaur gaurkoz Frantziako estatuan bigarren deitura aldaketarik. Nahiz eta azken aldi honetan, departamenduen izenaren logika eta aldaketaren inguruan zenbait autore hasi diren errepublikaren izendapen jarduna aztertzen eta ideia berriak plazaratzen.
Kontuan hartu behar da ere, Departamendu horretan euskal eremuak duen indarra. Pyrénées-Orientales delakoan Kataluniako aldeak ehuneko gehiena duen moduan, Biarnok eta Euskal Hiriguneak osatzen duten Pyrénées-Atlantiques honetan, indar orekatuagoak dituzte. Biarnok, Departamenduko Paue kapitala bertan kokatuta izateaz gain, hedadura zerbait handiagoa du eta biztanlerian ere zertxobait gehiago. Izan ere Biarnok 370 mila biztanle ditu, Baskonia Iparrak 315 mila dituenean.
Pyrénées-Atlantiques departamendua Nouvelle Aquitaine erregioak dituen hamabietatik bat da. 2016. urtean lehenagoko Aquitaineri Poitou-Charentes eta Limousin gehitu zitzaizkionean Nouvelle Aquitaine sortu zuten, Frantziako erregioetatik hedadura zabalena duena, bere hiriburua Bordeaux izanik.
Norbaitek argudiatu dezake Pyrénées Atlantiques izena Pyrénées Orientales baino zehatzagoa dela, azken batean departamenduak eskaintzen dituen kontzeptu erakargarri bi aipatzen dituelako. Ikuspegi turistikotik ulertuta, alde batetik, Pirinioak mendi lerroa aipatzen du eta bestetik, itsasoa, Atlantiko aldea; beraz, mendia eta itsasoa bateratuta.
Baina Euskal Hirigunearen erreputazioari begira, gaur egun ikur dituen argudioak “baske” kontzeptuan zentraturik dituela esan daiteke, itsasoa, berdea, mendi lerro lehuna zein aldapatsua, baserriak, hizkuntza, natura, klima orekatua… denak euskaldunen iruditegiari lotuak. Honi gehitzen zaio kosta aldeari darion xarma, Biarritz izanik paradigma. Eta gauza hauengatik mundu osoan ezaguna da Pays Basque delakoa.
aportaziorik egiten.

Euskal eremuaren inguruko iruditegi gehiena euskal kontzeptuarekin lantzen denez, Atlantiques izen horrek gutxi aportatu ez-ezik , kalte ere egiten dio. Atlantique aldea oso handia da Frantzian eta bistakoa da aldaera ugarirekin galdurik geratzen direla euskal itsasertzaren ezaugarriak ere. Pyrénées hitzak ere euskal eremuari ez dio askorik gehitzen, baske ideia lausotu egiten duelako eta ahuldu izaera horren indarra. Departamenduaren logotipoan ere tamaina handiagoa du Pyrénées hitzak Atlantiques hitzak baino, seinale berri bat euskal eremukoak adi egoteko. Euskal lurraldea Pays Basque moduan da ezaguna munduan, zer esanik ez Frantzian, eta oraingo izen horrek departamenduari ere ez dio inongo aportaziorik egiten.
Biarno, ostera, zabaltzen ari den imajina oso lotuta dago Pirinio mendiei. Paue hiriburua bera Pirinio mendiak behatzeko lekurik aproposenetarikoa da, eskaintzen duen bista aparta ezin ederragoarekin. Horrez gain, naturarekin loturiko eremu modura saltzen du bere burua, mendira lotuta dauden zenbait ekimenekin, Paue bera ere irudi kanpainetan zabaltzen ari da hiri oso kirolzalea dela eta Frantziako hirien artean bizi kalitate zerrendan 16. postua betetzen duela.
Biarnok Pyrénées izena gordetzea nahi izatea oso posible da, bere dinamika izen horren inguruan lantzen baitu. Hau da, euskal eremua baske hitzarekin nahiko ezaguna den moduan, Biarno osatuago gera daiteke Pyrénées hitza gehituta. Esaterako, Biarnotarrek Paue ingururako sortu duten komunitateari Communautés d´aglomeration Pau Béarn Pyrénées deitu diote. Euskal eremuko mendi aldekoek ere, behar bada, gustura mantenduko lukete Pyrénées kontzeptua.
Baskoak eta biarnotarrak dauden lekuari Pyrénées eta Atlantiques deitzeak ez ditu berez identifikatzen ez batzuk ezta besteak ere. Eta hori izenaren porrota litzateke. Eta erreputaziorako, koherentziarik eza.
Pyrénées Atlantiques izenak funtzionatzen ez duen seinale handiena, alarma gisa erakuts daitekeena, Frantzian zeregin horietako 64 zenbakia erabiltzea da. Departamendua identifikatzeko zenbakia hasi dira erabiltzen giro batzuetan. Esaterako, departamenduaren web orrialdea http://www.le64.fr da eta Eliza Katolikoaren webgunea http://www.diocese64.org, lehenago basko-béarnais erabiltzen zutenean, Hospitalité Basco-Béarnais izena lekuko, ikus www.hospitalitebascobearnaise.com.
Orain ere hainbat lekutan ikus daitezke basco-bearnais lotura duten izenak, sorospenean, elkarteetan, aseguruetan, entrepresetan, etab. Honek erakusten du herritarrentzako basco-bearnais askoz ere zehatzagoa dela Pyrénées Atlantiques baino.
Gauzak honela, aldaketaren apustuak on egingo lioke Euskal Hiriguneari zein Biarnori. Errealistak izanik, frantses hizkuntzara mugaturik eta estatua ulerturik, hiru hitz daudela dirudi departamendurako izen berria lantzen hasteko: Baske, Béarn eta Pyrénées.
Izenaren aukeretara hurbiltzeko, kontutan hartuta ez dela komeni larregi luzatzea, Pays hitza gabe, hobeto legoke baske kontzeptuaren alde egitea Baskonie erabiliaz. Era berean, basco-bearnais adjetibazioak ere ez luke leku egokia izango, Frantziako departamentu gehienek izen propioarekin identifikatzen direlako eta bi eremu lotzeko “et” eta/edo erdiko gidoia lokailuaz egiten dutelako, ikus Lot-et-Garonne edo Pyrénées-Atlantiques bera. Luzerari kasu eginez, esan beharra dago departamendu guztien izenetatik Alpes-de-Haut-Provence dela hitz kopuru aldetik luzeena, lau hitzekin -eta bere lokailuekin- idazten den bakarra.
Muga hauek kontutan hartuta, behar bada, zentzua izango luke “Baskonie et Béarn” edo, zenbait biztanlek nahiago balukete, “Baskonie et Béarn-Pyrénées” erabiltzea.
Horrelako soluzioak asko lagunduko lioke euskal eremua identifikatzeari, baita Biarnori ere, noski. Gaiak merezi du azterketa sakona egitea, departamenduarentzako zein bi eremuentzako onura aunitz izango lituzkeela dirudi. Orain egiten den esfortzu komunikatiboa hobeto kapitalizatuko lukete alde biek, Baskoniak zein Biarnok, izenak bilduko balitu bere baitan proposaturiko deitura berri hipotetikoak.