“Made in…” formula nola erabili Baskonian?

Produktuen etiketari begiratzean, “Made in China”, “Made in France” edo “Made in Spain” bezalako adierazpenak ikustea ohikoa da. Gero eta gehiagotan, gure artean ere eskatzen da produktuek jatorria argi adieraztea. Baina, nola erabili “Made in” formula idatzia euskaldunok, gure produktuak Baskonian egiten ditugunean?

Galdera horri erantzun nahi diogu hemen, ikuspegi praktiko eta errealista batetik.

Lehen urratsa: marka kontzientea izatea

Duela urte batzuk, kanpaina bat abiarazi zen euskal enpresek “Made in” formula bereganatzeko, produktuei lurralde marka eransteko helburuarekin. Ekoizle batzuek jada erabiltzen dituzte formulazioak euskaraz (adib. “Euskal Herrian egina”), batez ere Baskoniako Iparraldean. Baina ideia zabaltzeko, formulazio koherente eta erabilgarriak behar ditugu, bai tokiko merkaturako, bai nazioartekoa kontuan hartuta.

Kontuan hartu behar da oraindik ere gure lurraldearen izenaren auziaren zama daramagula. Askotan azaldu dut: ez “País Vasco”, ez “Euskal Herria”, ez «Euskadi», ez «Basque Country», ezta “Nabarra” ere, ez direla erabilgarriak gure lurralde osoa izendatzeko. Hizkuntza guztietan berdin adierazten den izen bakarra izanik, “Baskonia” da gure produktuak sinatzeko hitz egokiena.Blog honetan eta beste idatzietan azaldu dut sakonago hitz hori erabiltzearen arrazoiak.

Zergatik behar da?

Erreputazio kontua da, besterik ez. Hemen idatzia baino askoz gehiago sakondu badaiteke ere, esan genezake geure buruan sinesten badugu, gure berezitasuna ongi formulatu behar dugula. Gure lurretan ekoiztua izateak balio erantsia eman lezaio produktuari, eta hori argi izan behar dugu.  Formulazio on batek konfiantza sortzen du, ekoizleari ez ezik, herriari ere onura dakarkio. Eta hori etiketan islatu behar dugu, argi eta zintzo

Eta “Baskonia”, zer da?

Baskonia ez da soilik izen bat. Lurralde bat da, identitate bat, eta gero eta gehiago, izendapen integratzaile bat. Frantzia eta Espainiaren artean banatutako herri bat gara, baina nortasun propio eta sendoa duena.

Gauzak ongi egiten ditugun ospea dugu hainbat alorretan:  produktu eta zerbitzuak ongi ekoitzi, serioak izan eta hitza betetzen dugunak gara. Ez da gutxi. Eta hori etiketan islatu genezake, argi eta zintzo, hirugarrenei inongo kalterik sortu eta mesfidantzarik hauspotu gabe.

Gure lana munduan gero eta ezagunagoa izango den herrialde marka sortzea da gure erronka.

Lurraldetasuna gehitzea: erreala eta erabilgarria

Helburua bada era guztietako enpresek formula hori erabiltzea, ezinbestekoa da bereiztea nazioartera begira daudenak eta tokiko merkatuetarako pentsatutakoak. Era berean, kontuan izan behar da enpresek ez dutela erabiliko balio erantsirik ematen ez duen esaldirik. Balioa ematen badio, jarriko dute; bestela, ez.

Enpresek ekonomia globalean lehiatzen dute. Norbaitek diskurtso ideologikoa gehitu nahi badio gaiari, jakin behar du enpresek ez diotela kasurik egingo: ez daude prest beren merkatuan arrisku txikiena ere hartzeko, ezta horretarako gaituta ere. Eta hala behar du. Kontrakoa dioenak, barkatu, baina ez du merkatu konpetitiboaren gogortasuna ezagutzen.

Bide ezberdinak

Hori esanda, azter dezagun zein formulazio erabil daitezkeen. Espainian Made in Spain, Frantzian Fabriqué en France eta euskaraz Egina -n dira ohiko formak. Hona hemen hiru aukera nagusi, etiketan Baskonia agertzeko moduak aztertuta:

Zein bide daude?

1. Bidea: Baskonia soilik jartzea

  • Made in Baskonia
  • Fabriqué en Baskonia
  • Egina Baskonia-n

Zergatik?

  • Tokiko merkatuan oso egokia da.
  • Euskaldunekin zuzenean konektatzen du.
  • Komunitate identitarioarentzat indartsua da.

2. Bidea: Estatuaren izena lehenik, eta ondoren parentesian Baskonia

  • Made in Spain (Baskonia)
  • Fabriqué en France (Baskonia)
  • Egina Espainian (Baskonia) / Egina Frantzian (Baskonia)

Zergatik?

  • Nazioarteko salmentetan arazo legalak saihesten ditu (aduanak, jatorri ziurtagiriak…).
  • Baskonia agertzen da identitate osagarri gisa, hala ere branding ikuspegitik indartsua da.
  • Etiketarako formulazio segurua da: komertzialki neutroa eta legalki onargarria.

3. Bidea: Baskonia lehenik, estatuaren izena parentesian

  • Made in Baskonia (Spain)
  • Fabriqué en Baskonia (France)
  • Egina Baskonia-n (Spain) / Egina Baskonia-n (France)

Zergatik?

  • Branding aldetik oso indartsua da.
  • Tokikotasuna eta nazioarteko araudia uztartzen ditu.
  • Baina: esportaziorako, baliteke oztopo legalak sortzea.

Kontuan hartu beharreko arazo legalak

  • Nazioarteko merkataritzan, jatorria estatuaren izenarekin adierazi behar da (WTO, EB…).
  • “Made in Baskonia” soilik jartzeak arazoak sor ditzake esportazio-agirietan edo aduanetan.
  • “Baskonia (Spain)” edo “Baskonia (France)” ez dira ofizialak, baina praktikan deskribatzaile modura onartuak izen daitezken arren, arazo burokratikoak sor ditzakete.
  • Tokiko artisauentzat, “Made in Baskonia” ez da arriskutsua, baldin eta ez bada engainagarria.

Gomendio praktiko eta segurua

1. Nazioarteko merkatuan dihardutenentzat:

  • Made in Spain (Baskonia)
  • Fabriqué en France (Baskonia)
  • Egina Espainian (Baskonia) / Egina Frantzian (Baskonia)

2. Tokiko merkatuan dihardutenentzat:

  • Made in Baskonia
  • Fabriqué en Baskonia
  • Egina Baskonia-n

Salbuespen eta moldaketak

Badira beste formulazio batzuk ere, ikus goiko irudia, adibidez:

  • “Ipar Euskal Herrian ekoiztua” / “Produits gastronomiques du Pays Basque”.

Oso ongi dago. Baina gomendio gisa, formulazio bateratuagoa proposatzen dugu:

  • “Baskonia Iparrean ekoiztua” / “Produits gastronomiques du Baskonia Nord”

Era berean, frantsesez Baskonie hitza lehenesten bada ere, ongi legoke.

Beste aukerak ere posible dira, betiere koherentziaz erabilita:

  • Baskonia Iparra / Baskonia Nord
  • Nabarra-Baskonia
  • Baskonia Mendebala / Baskonia Oeste

Bukatzeko

Formula hauek zentzuz eta gardentasunez erabilita, ez dirudi arazorik izango denik ez legalki, ezta bezeroen aldetik ere. Aitzitik: gure produktuek errespetu handiagoa lortuko dute, eta Baskoniaren izenak indarra hartuko du merkatuan.

Esta entrada fue publicada en Baskonia, brandig-reputation, Country Reputation. Guarda el enlace permanente.

Deja un comentario