
Aurreko egunetan Borja Irizar Acillona-k artikulu interesgarria idatzi du bere “El imposible vencido” blogean. Zenbait argudio Baskonia deituraren alde azalduz, eta oso adierazgarriak eta ulerterrazak iruditu zaidanez, hemen laburtzera nator bost puntutan.
Hauek dira, nire ustez aportatzen dituen ideia berezienak, guztiak era pedagogikoan esanak:
-Egoera politikoa eta kulturala banandu behar ditugu
“Guk egoera politikoa eta egoera kulturala banandu behar ditugu. Legalki E.A.E. gauza bat da eta N.F.E. beste bat, eta “Iparralde” deitzen dioguna beste bat, gainera beste batean sartuta. Ofizialki, izen horiek erabili behar ditugunak dira, edozein gauza egiteko edozein erakundetan. Hori ezingo dugu aldatu bihar ezta etzi ere, eta legeak eta erakundeak aldatuko balira izenak eguneratuko lirateke.
Beste maila batean gure izate kulturala eta sentimentala dago. Egunero gure aurrean daukagun arazoa da, gure izate legala eta sentimentala pakete bakar batean sartzea.”
“…guk, hiritarrok asko egin ahal dugu korapilo hau askatzeko, herrialdearen izen bezala Baskonia erabili beharko genuke. Izen bat, ulergarria, erraza, nazioartekoa, historikoki fidegarria eta ulergaitzarik gabe. Eta izena, Baskonia/Vasconia ezin da alderdiek moldeatzen eta usteltzen duten termino bat izan. Baskonia, guztiona eta inorena, lotzen garen kontzeptu kulturala, antropologikoa eta soziala izan behar da.”
-Atzerrian nongoak garen galdetzen ditugunean ematen ditugun erantzun desberdinak.
“Adibidez, besteak beste, gure erronka arruntena, atzerrian nondik garen azaltzea. Ez dakit zenbat bertsio entzun ditudan: «De Euskadi», «Euskalherria», «Bilbao» edo «North of Spain», «The coast of Cantabric ;)» edo «Between Spain and France».
Arazoa da, nahaste-borraste hori guk geuk sortu dugula. Hamar euskaldun Parisko hiri-erdian uzten baditugu, hamar bertsio kontatuko dizkigute bere jatorria azaltzeko. Horrek Euskaldunok huskeriara eramaten gaitu. Arazoa hor dago, sakona da eta gaurko Europan, hamalau izenekin aurkezten den zerbait ezin da kontzeptu irmo izan.”
-Gure hizkuntzaren izena, euskararena, hizkuntza desberdinetan ari garenean ematen dugun erantzuna.
“Zergatik Frantsesez diozu «Je parle basque» eta espainolaz «Yo hablo eusquera». Zergatik Dublinen diozu «I speak basque» eta Madrilen «Yo hablo eusquera». Zentzua, badago, zein da? Gastelaniaz «idioma vasco» ezin da esan? «vasco» gauza bat da eta bestea euskara? Ala gauza bera dira? Badago arrazoi irmo bat «vasco» eta «eusquera» hitzak banantzeko? Horrela, guk geuk, «vasco» hizkuntza eta «vasco» nortasuna banatzen ditugu. Ahultzen dugu indartu behar duguna.
Proposamena erraza da.
Hizkuntza arloan: Gaztelaniaz konplexurik gabe erabili beharko genuke «vasco» hitza, gure hizkuntzaz ari garenean. «En casa hablamos vasco», “En el colegio se estudia en vasco” argi ta garbi, naturaltasunarekin. Bestela gero eta bananduta egongo dira nortasuna eta hizkuntza, eta hori gutxi balitz euskarik gabeko «euskal” nortasuna indartzen da.”
Oharra: Nik “vasco” erabili gabe “basko” idatziko nuke.
-Enpresa mundutik estrategia bateratua garatu, izena eta lekua identifikatzeko.
“politikan sartu gabe, Europa Batasunean, Baskoniako lurralde guztieetako enpresen artean estrategia komertzial partekatua eduki beharko lukete, eta estrategia horretan baliabideak partekatzea ezinbestekoa izango litzateke. Hori bai, egoera politiko bakoitzari errespetu guztiarekin. Berezko marka sortzea ezinbestekoa da, ahaleginak eta baliabideak lotzen. Erakundeak oso astiro doaz, baina enpresen artean bide berriak exploratu ahal dira.
Feria batean ez da erakargarriagoa izango Baskoniako stand bat, «Euskadi, Basque Country» eta «Navarra» stand ezberdinetan baino. Ez dira gure ardoak hobeto salduko Europan «Wines of Vasconia» markarekin eta gure gaztak «Cheeses of Vasconia». Ez lituzkete Iparraldeko ekoizaleek ekintza hauetan parte hartuko? Hausnarketa merezia.
-eta azkenik, politikarik gabe, marka komertzial eta identitario bezala bultzatu.
“Guk aurrera eraman behar dugu termino hau. Guk gure biziraupena bultzatzeko eta marko politikoak gainditzeko. Zergatik ez, etorkizunean, gure marka komertziala eta gure marka identitarioa izateko. Eta horretarako, politikarik gabe, gure kontzientziatik bultzatu behar dugu izena.”
Eskerrak, Borja, zure idazkiagatik, ideiak ongi azaldu dituzulako, era argi eta ulerterrazean.