
Izen egokiak gauza asko determinatzen dituela aspaldi genekiena da. Orain dela ia bost urte idatzi nuen ““Up Holland up” ala “up Nederlanden up”, hor auzia” artikulua. Zalantza neukan izen aproposa ote zen eta biztanlegoaren muinetara iritsiko zenik.
Denbora gutxi pasata zegoen Herbehereetako gobernuak Holanda erabiltzea guztiz baztertu eta Herbehereak, Nederlanden herbeheretarrez, bakarrik erabiliko zela kanpoan zein barnean estatu izenaren erabileraren aplikazio guztietan, kirola eta turismoa barne, erabaki zuenetik. Gaur urte batzuk geroago, hobeto balora daiteke erabakiaren arrakasta.
Irrikitan nengoen urteak pasa ala zer oihukatu zukeen Herbehereen jarraitzaileak, beraien selekzioak animatzerakoan. Bilaketa txiki bat egin dut Eurokopa dela aprobetxatuaz, zeren jakina da, erabaki politikoak hartzea gauza bat dela eta biztanlegoak bere egitea, bestea.
Izenaren erabilera aldetik esan behar da komunikabide gehienak egokitu direla adierazitako deiturara, azken baten gizaldietako izena da, historia handikoa. Nederlanden izen herbeheretarra nagusi da hizkuntza bakoitzaren arabera moldatua: Netherlands, Paises Bajos, Pays-Bas, Herbehereak, Niederlande, etab eta ongi errespetatzen da.
Baina izenaren formalitate berri honek beste egokitzapen batzuk ere eskatzen ditu, esaterako zalegoak erabiliko dituen animatzerako kantu eta oihuak. Eta hor egokitzapen gutxi egon da. Hona hemen Herbehereetako futbol selekzioari buruz ari zen X-eko hari baten izandako elkarrizketaren itzulpena.
-Munduko fans onenak
-Estadioko fans ixilenak
-Deigarria benetan. Estadiorako errepertorio txikiegia?
– Hori dela arazoa uste dut. Estadiotik kanpoko festa-kanta batek ez du funtzionatzen partida batean zehar. Ez dago Holland Holland baino askoz gehiago eta hup Holland hup. Ni Feyenoordeko jarraitzaile fanatikoa naiz, baina talde laranja bultzatzea zaila da errepertoriorik gabe.
Agertu diren zaletuen imajinetan ere Holland gehiago ikusi da Nederlanden baino, fotografia hauek lekuko, Herbehereak-Ingalaterra partidaren zehar estadio kanpo aldean jasotako bideo luze batetik hartutakoak dira.




Beste imajina hau ere adierazgarria da. Izenak aldatu duten bi herrialdeen arteko Eurokopako partida egunekoa, batzuk ongi aplikatuta, besteek lehengoan jarraitzen dutelarik.

Azpiko imajina hau zaharragoa da, baina zalegoek zela animatzen duten ikusteko argigarria hau ere.

Oso nabariak diren zenbait ikaskizun atera daitezke urte gutxi hauetan erabaki horrek izan duen bideak erakutsiak, ona hemen batzuk:
-Edozein estatu-nazioren izen aldaketak, edo finkaketak, branding legeak ere bete behar ditu. Eta horretarako arlo guztietatik aztertu behar da: politikoa, ekonomikoa, historikoa, bereiztasunekoa, identifikatzailetasuna, sentimenduenetakoa, erabilgarritasuna, plastizitatea, etab.
-Aldaketa txikiak eta handiak daude. Herbehereak proposatu duen jauzia, Holanda ez erabiltzeko esanaz gehienentzako Holanda bezala ezagutua zenean, handia da, Holandatik Herbehereetara alde luzea dago. Lehengo Turkiak hizkuntza guztietarako Türkiye finkatu du, urrats txikia izan da baina eraginkorra eta lortu du bere helburua, gehiago jakiteko sakatu hemen.
-Herbehereak izen modua finkatzeak zentzu politiko-ekonomikoa osoa du, goian aipatu artikuluan nioen moduan, (norbaitek nahi badu ikus zein alde dagoen Holanda eta Herbehereak artean, hemen bideo labur honetan era atseginean ongi azalduta). Baina akats handiak ditu, aukeratu duten izen propioa (izen ofiziala izanik, historikoki XIV. gizalditik aldaerekin ezagutua, baina praktikan erabilera gutxi zuena) izen generikoekin osatua dago, Herri eta Behe. Horrek dakar hizkuntza guztietan desberdina izatea. Beraz izen propio ofiziala ahulagoa da erabiliagoa zena baino.
-Kontutan hartu behar da ere izen aldaketak sentimenduak ere ukitzen dituela. Aldaketa razionala sena jarraitu gabe inoiz ez da izango osoa, borobila. Izena aldatu daiteke baina kontzeptu desberdin eta sinpleak beti irabaziko du populuaren sentimenduak adieraztea tokatzen denean. Horregatik jarraitzen du jende askok betiko Holanda erabiltzen. Eta neurri baten horregatik, kantuak zein oihuak lehengotan jarraitzen dute.
-Guzti honek erakusten du izen on batek bere legeak dituela. Izen generiko batek, Herbehereak (Beheko Herriak) den moduan, nekez irabaziko dio nortasun zentratuago duen izenari, kasu honetan Holanda-ri.
Daukaten auziaren soluzioa ez da erraza, baina hartu duten erabakiak hutsune nabariak ditu. Askotan izen aldaketak oso arrazionalki egiten dira, arlo politikotik soilik ikusita, osotasunetik begiratu gabe, Herbehereen kasu hau, benetan da sakon aztertzekoa. Ikerketa berri serioren bat ezagutu aurretik eta bitartean, aipatu puntuak norabide gisa balio bezate.