Mariari adeitasunez “euskalduna euskara dakiena da”

Arrasatearra izanik eta asmo onenarekin, gure alkate izan den eta orain Jaurlaritzako kontseilari eta bozeramaile den, Maria Ubarretxena-ri bere adierazpen batzuetan “euskaldun” kontzeptua erabili duen modua ez dela zuzena argitu nahian nator.  

Baskoniako eremuetan hitz batzuekin dugun nahasmena nabaria da. Aspaldi idatzi zuen Saint Exupery-k bere Printze Txikian “Hitzak gaizki ulertzeen iturri dira”. Eta hori gertatu da Mariak egindako adierazpen hauetan ahozkatu duen esaldi honekin, hain zuzen “denok gara euskaldunak, baina ez denok euskal hiztunak”, denok hori Baskonia Mendebala/Euskadiko biztanle orori asignatuta.

Ideia hau, sakonean, honetatik dator “basko es todo quien vive y trabaja en Euskadi”, ideia horri jarraituz baieztatzen du goian aipatu esaldia. Baina hori berori euskaraz erabiltzean, itzulpen zuzena baino fintasun gehiago eskatzen duelakoan nago. Gogoratu zer iskanbila sortu zen Egibarrek esan zuenean “euskara da euskaldun egiten gaituena”, hemen horren gainean idatzi nuena “Zelan itzuliko zenuke ´euskara da euskaldun egiten gaituena´? ”. ( Beste lider batek, Joseba Diez Antxustegi-k oraintsuago gauza bera esan du, begira amaierako P.D.a)

Ez baldin baditugu zorroztasunez esanahiak finkatzen, azken baten Egibarrek zionaren eta Ubarretxenak dionaren artean kontraesana dago, eta ez dut uste, alderdi berekoak izanik, inongo asmorik dutenik beraien artean talka egiteko.

Ez da gauza bera, euskaldun izatea edo basko zein euskotar izatea. Eta ez diot hau inongo bigarren intentzio batekin edo sarritan etsai politikoak erabili duten moduan, ez, inondik ere ez. Eta horretarako ideia argitu behar, saiatuko naiz.

Orain dela hiru hilabete idatzi nuen artikuluan, “Aclarar el gentilicio del país de los baskos y sus partes”, argitzen nuen zela erabili genezakeen “euskaldun” kontzeptua. Urte larregi, behar bada gizaldi, daramatzagu hitz batzuen esanahia zehaztu ezinik.

Behar bada, hainbat mendeetan, euskal eremuaren biztanle kopurua, neurri haundi baten euskal hiztunez osatua zenean, ez zen beharrezko hain ongi zehaztea kontzeptua. Gaur egun, gizarte osaketa aldaketarekin eta ezagutza areagotzearekin, premiak aldatu egin dira, eta gehiago aldatuko dira.

Gure etxeetan, euskaldun zaharrak izanik ere, sarritan ez ditugu ondo zehazten hainbat kontzeptu eta horietako bat “euskaldun” hitza da. Askotan argitu behar izaten ditugu esaldiak, esaterako hori euskalduna da, baina ez daki euskaraz. Edo hori ez da euskalduna, nahiz eta hemen bizi aspalditik, edo hori kanpokoa da baina ongi euskaldundu da, zein hura euskalduna da baina Parisen bizi da aspalditik.

Jakina, “euskaldun” hitzaren etimologiara joanik, “euskara + dun” baldin bada euskaldun hitzaren esanahia, garbi dago euskara ez dakiena ez dela euskaldun, aspaldi ezagutu nuen bere abizen guztiak euskal iturrikoak zituen, hemen bizi, baina euskaraz ez zekien emakumea, bere buruari esaten ez zela euskalduna. Era berean euskaraz dakiena nahiz eta japoniarra izan, han bizi, eta ez eduki inongo asmorik hemengo herritartasuna lortzeko, euskalduna dela, euskaradun den neurrian.

Orain galdera, zer da hobe ideiak zehaztu eta argitzen joan, ala daudenetan nahasmena sortu dezaketen moduan utzi? Nik argi daukat erantzuna, kontzeptuak ongi zehaztu ahal baditugu kalte handiagorik sortu gabe, lan hori egin. Horregatik saiatu naiz, nahasmenen hauei irteerak eskaintzen.

Eta bide horretan lehen legea: Euskalduna euskara dakiena da. Eta ez beste inor.

Saiatu gaitezen ba, euskal eremuetan bizi edo herritartasuna duenari zela deitu zehazten, inongo mespretxurik gabe eta onarturik euskal lurralde eremuak, ia betidanik izan dituela bertan bizi baina euskara jakin ez duenik.

Hemen koherentzia eta zehaztasuna duen proposamena euskal herritarra zehazteko

Gazteleraz:         Basko

Frantsesez:         Baske

Ingelesez:            Baske

Euskaraz:             Baskoa

                             Euskotarra (era alternatiboan)

Horrela esan genezake “baskoa naiz baina ez euskalduna”, edo norbait minduta sentitzen bada, era peioratiboa ikusten badu edo nahiago badu, esan lezake, euskararik ez baldin badaki, “euskotarra naiz baina ez euskalduna”.

Urte askotan hitz hauek arerio politikoa iraintzeko erabili dira, eta hor dago koska. Baina uste dut ongi azalduta, gainditu genukeela gaizki ulertzea.

Inork edo askok esan dezakete, ez, ez zabiltza ondo. Ingeles dakien edonor ez da ingelesa, edo espainiera dakien edonor ere ez automatikoki espainola. Beraiek ez daukate gehiago zehazteko beharrik. Eta egia da.

Ingalaterran nekez bizi daiteke ingelesera jakin gabe eta Espainian espainiera jain gabe, Baskonia/Euskalerri osoan, ostera, ongi bizi daiteke euskara jakin gabe. Eredu dira bizi guztia gure eremuetan bizi den eta euskara ikasi ez duen jende andana.

Logika honekin adierazi daiteke euskara dakien edonor ez dela automatikoki euskalduna, herritartasuna adierazi nahi bada, noski. Horretarako bilatu dira herritartasuna adierazteko basko edo euskotar hitzak.

Guri dagokigu esfortzu gehigarria egitea zehaztasun bila, orain eman genezakeen urratsa denbora pasa ahala gure alde jarriko delakoan nago. Kontzeptu biak zehaztu behar direnean, esan lasai “euskotarra naiz baina ez euskalduna” edo “ez naiz euskalduna baina bai baskoa”. Eta euskara dakitenek baina herritartasuna eduki ez “euskalduna naiz baina ez baskoa”, zein “euskalduna naiz baina ez euskotarra”. Euskalduna, euskaraduna, izan eta euskal herritartasuna duenak esan dezake “euskalduna naiz eta baskoa” edo “euskalduna naiz baita euskotarra ere”.

P.D.

Atzoko egunez, uztailaren 31n, Berria egunkariak eginiko elkarrizketan Joseba Diez Antxustegi, EAJko parlamentuko eledunak, berriro adierazi du «Euskara da euskaldun egiten gaituena» , https://labur.eus/Ht6tr, zertan geratzen gara? Nire sakoneko galdera da ia on egiten digun anbiguokeri honek, ezetzean nago.

    Esta entrada fue publicada en Sin categoría. Guarda el enlace permanente.

    Deja un comentario