
Edozein euskaldunek onartzen du “Euskara da euskaldun egiten gaituena” esaldia, horrela, dagoenetan, Parlamentuan EAJ/PNVko bozeramaile den Egibar jaunak esan duen moduan. Euskaraz diharduten medioetan ez du piztu alarmarik, oso ondo ulertu da. Erdarazkoetan eman den itzulpenak sortu du eztabaida.
Denok dakigu hizkuntza propioa izatea dela euskaldun izaera determinatzen duen ezaugarri nagusienetakoa, nagusiena ez bada. Behar bada etnizismo puntua du, baina gure kasuan hizkuntzak indar berezia hartzen du. Hemengo bizilagun gehienek, nahiz urrutikoek, onartzen dutena da, Baskonia bereizten duen harri bitxietakoa bat hizkuntza propioa izatea dela, ez elementu bakarra, baina bai oinarrizkoa.
Eztabaida, esaldi hori itzultzean eman da. Dirudienez aipatutako alderdiko komunikaziokoek bidali zuten prentsa oharrean “El euskera es lo que nos hace vascos” esaten zen. Itzuli izeneko itzultzaile neuronalak ere, horrela bihurtzen du erdarara. Baina testu horren interpretazioan batzuk minduta agerri dira. Zeren onartu behar dugu euskaraz mintzatzen ez diren bizilagun asko direla gure artean, lagunartean, familian, inguru hurbilean, etab., itzulpen horrekin alboratuak sentitu direnak.
Baskoniako izenaren auziaz idatzi ditudan artikuluetan eta liburuan, gure gentilizioa eta hizkuntzaren ezaguera zelan izendatu argitu nahian honelako planteaketa egin dut. Euskara dakiena: Euskaraz euskaldun, erdaretan baskoparlante, baskophone; Baskoniako bizilaguna: Euskaraz basko edo euskotar, erdaretan basko, baske; gure hizkuntzaren izena: euskaraz euskara eta erdaretan basko, baske.
Bide honi jarraiki twitterren hau idatzi nuen “Euskaraz dakien japoniarra euskalduna da baina ez baskoa. Euskaraz ez dakien Baskoniako bizilaguna baskoa da baina ez euskalduna”. Hala ere, onartu behar dut kontzeptu hauen aplikapen zehatza batzuetan ez dela oso eraginkorra, objetibotasunaren gainetik sentimendua dagoelako.
Pastor-en artikulu baten irakurri dut, bizitza osoan Baskonian bizi eta zortzi abizen euskaldun zuen emakumearena, bere aiton amonek euskaraz mintzatzen ziren baina berak galdua zuenez bere buruari esaten omen zion baskoa ez zela. Behar bada definizioak argi izango bagenitu ez zuen horrela pentsatuko, “basko banaiz baina ez euskaldun” esango zuen.
Honek erakusten du kontzeptuak argitu beharren gaudela. Ez pentsa egoera guztiak konponduko ditugunik, beti agertu daitezkeelako kontutan hartu ez ditugun zirkunstantziak edo hurrengo generazioan emango diren aldaketak eskakizun berriak planteatu, baina tira saiatu saiatuko nintzateke ahalik eta txukunen konpontzen.
Pasatu dena da, beste behin ere, «traduttore, traditore» gertatu dela. Gure artean ohitura daukagu, gozoagoa delako edo ez dakit zergaitik, gure hizkuntzari erdaraz ere “euskara” deitzeko, berezko erdarazko hitza “basko” denean. Behar bada hor dago gakoa, ez dugula itzulpen osoa egin.
Egin dezagun bada itzulpen zuzenagoa, kontzeptuen esangura zehaztu eta zuzen erabilita. Joan gaitezen itzulpena egitera, euskara bere horretan utzita, hau izango litzateke “el euskara es lo que nos hace ser baskoparlantes”, baina ez, hau ez da euskal esaldiak esatea nahi duena, honek ez du bereganatzen euskarazko esaldiaren muina.
Guztiz itzulpen zehatza eta hitzen hitz ondo egina, euskara hitza ere itzulita, horrela geratuko litzateke “El basko es lo que nos hace ser baskoparlantes” ezin hobeto itzulia, baina zentzua eta indarra erabat galtzen duena eta esaldiaren esangura aldatu egiten duena.
Beste era batera ere egin daiteke itzulpena, euskara hitza itzuli eta euskaldunak hitza bere horretan euskaraz utziaz. Honela izango litzateke “el basko es lo que nos hace ser euskaldunes”. Esaldi honek esatea nahi duena ondo dago, euskalduna=euskara dakiena, itzulpena ere nahiko zuzena da, baina beste behin ere hitz bat itzuli gabe geratu da.
Badaude aukera gehiago ere, hau adibidez “El basko es lo que nos hace ser baskos”. Jakina, noski, bai ba, esaldi hau logikaz beteta dago, edonork esango luke itzulpen biribila dela. Baina ez, basko hizkuntzaren itzulpen gisa ondo badago ere, ez jentilizio modura, zehaztu delako basko dela Baskoniako bizilagunei ematen zaien apelatiboa. Inork ez luke onartuko zentsu hertsian “ingelesa da ingeles egiten gaituena”, ez delako egia, ingeles dakien asko daudelako ez direnak ingelesak, baina bai onartuko luke ingelesa dela ingelesen ezaugarrietako bat.
Zer geratzen zaio ba itzutzaileari? Beste behin ere itzulpena egin aurretik kontzeptuak ondo mamitu eta ondoren sortzaile izatea dagokiola esango nuke, itzulpen literal horri beste jite bat eman beharren aurkitzen baita. Itzultzaile neuronalak ere ez lukeela bere esanahiaren muin sakona behar duen indarrarekin emango zeren benetan “el basko es lo que da personalidad a los baskos” esango balu nahiko hurbil egongo litzateke.
Beste aukera bat da aurreko esaldi ez perfektu bat hautatzea, esaterako “El basko es lo que nos hace ser baskos”, hau da baskoen artean asko direlako basko zein euskaldun direnak, hor baita Baskonia izatearen arrazoi handi bat, Jean Paul Berzaizek “Madalena Jauregiberri” pastoralean zioen moduan “..zer lizateke Eüskal Herria/ ez balitz eüskaldunik”.
(Eztabaida ikusi nahi baduzu sakatu hemen)