EHU marka berria, berriz begiratuta: hutsune gehiago agerian

European Humanities University-aren iragarkia, EHU moduan aurkezten du bere burua

Euskal Herriko Unibertsitatearen EHU marka berriak iritzi ugari piztu ditu. Askotarikoak izan dira: batzuk taberna-giroko eztabaida mediatikoetatik etorri dira; beste batzuk, berriz, ikuspegi teknikoago batetik. Azken horiek kontuan hartuta, eta hausnarketa sakonago baten ostean, aurrekoan idatzitako artikulua aberastu eta zertxobait hobetu nahi nuke ondoko lerroetan, lau puntutan banatuta.

1. EHU akronimoaren erabilera beste unibertsitate batzuetan

Bi unibertsitate aurkitu ditut EHU siglak erabiltzen dituztenak edo erabiltzea zilegi luketenak — horrek ez du esan nahi beste batzuk ez daudenik:

-Ingalaterrako Edge Hill University (https://www.edgehill.ac.uk)

-Vilniusko (Lituania) European Humanities University (https://en.ehu.lt)

Edge Hill Universityk ez du EHU akronimoa erabiltzen, baina erabiliko balu, siglak berdinak lirateke. Gainera, izen nahiko laburra duenez, litekeena da akronimoa erabiltzeko beharrik ez izatea.

European Humanities University-k, berriz, EHU akronimoa erabiltzen du identifikatzaile gisa. Hori dela eta, nahitaez sortzen da duplikazio bat, nahiz eta lituaniarrek .lt domeinua darabilten eta guk .eus. Domeinu desberdinak izanik ere, une batzuetan (ez beharbada sarri) ulertze-arazoak sor daitezke.

Ez dakit gai hau EHUko Errektoretzak aztertu duen; nik, behintzat, ez dut horren inguruko azalpen publikorik aurkitu, eta poszionatze aldetik bere garrantzia duela esango nuke.

2. EHU akronimoa Interneteko domeinuetan

EHU jabetzakoak dira ehu.eus eta ehu.es. Hala ere EHU izena hainbat domeinutan okupatuta dago: adibidez, aipatutako .lt, .com eta abar. Esaterako, ehu.org domeinua duenak 21.938,56 eurotan dauka salgai. Eta ehu.com domeinua 290.627,47 eurotan dago merkatuan. Nahiz eta batzuk bai egon libre, hala nola ehu.edu.

Beraz, hiru hizki hauek konpetentzia handia aurki dezakete sarean eta marka digital sendo bat eraikitzeko zailtasunak sor ditzakete.

3. «Euskaditik Euskal Herrira» adierazpenaren inguruan

Euskal Irratiek Joxe Ramon Bengoetxea errektorearen adierazpen hau nabarmendu zuten sare sozialetan:

«Euskaditik Euskal Herrira jauzi egin nahi dugu.»

Adierazpen honek, sinbolikoki indartsua izan daitekeen arren, hainbat zalantza eta kontraesan sortzen ditu izendapen instituzionalaren ikuspegitik. Izan ere, gaur egun unibertsitatearen izen ofiziala «Euskal Herriko Unibertsitatea» da. Hori horrela izanik, ez al da kontraesankorra «Euskal Herrira jauzi egitea» esatea? Zer-nolako jauzia da posible, unibertsitateak bere izenean jasota dagoen herri berera salto egin nahi duenean?

Gauzak horrela, errektorearen logika erabiliz, hobe litzateke unibertsitatea «Euskadiko Unibertsitatea» deitzea? Azken batean, Euskadiko Autonomia Erkidegoan kokatuta dago eta bertako Gobernuak finantzatzen du.

Zalantza hau ez da hutsala. Izan ere, unibertsitatearen izendapena eta haren diskurtso instituzionala koherenteak izan behar dira. Hala ez bada, anbiguotasunak eta interpretazio askeko mezuak sortzen dira, eta horrek kalte egin diezaioke bai irudi instituzionalari, bai marka estrategiari.

Bestalde, «Euskal Herria» kontzeptua bera polisemikoa da eta erabilera anitzak ditu; Euskadi-Euskal Herria dikotomiaren erabilera politiko eta kulturalak horren lekuko. Hortaz, unibertsitatearen jarduera-esparrua geografikoki zabaldu nahi bada (adibidez, Nabarrara edo Baskonia Iparrera), hori argi eta esplizitu azaldu beharko litzateke.

Horregatik, egokiagoa litzateke adierazpen zehatzago bat erabiltzea, hala nola:

«Baskonia Mendebaldetik Baskonia osora jauzi egin nahi dugu.»

Formulazio honek testuinguru historiko eta geografiko egonkorrago bati egiten dio erreferentzia, eta izendapenaren inguruko eztabaida aberasteaz gain, ikuspegi estrategiko argiagoa eskaintzen du.

4. Aurreko artikuluan proposatutako akronimoari zuzenketa

Aurreko artikuluan BKU akronimoa proposatu nuen. Hala ere, onartu behar dut akronimoekin jarraitzea ez dela beti biderik egokiena. Izan ere, nik neuk ere behin eta berriz ohartarazi dut akronimoak izen instituzional gisa erabiltzea ez dela gomendagarria, ez komunikazioaren aldetik, ezta identitate ikuspegitik ere.

Gainera, lehen puntuan azaldu dudan bezala, edozein akronimo beste erakunde edo unibertsitate batek ere erabil dezake, eta horrek nahasteak sor ditzake.

Hori dela eta, akronimo klasikoen ordez, izen labur baina identifikagarri bat proposatu nahi dut, laburdura gisa erabil daitekeena eta marka propio sendoago bat eraikitzeko baliagarria izan daitekeena.

Ildo horretan, Bask terminoa erabiltzea zuzena dirudi, horren harira bi aukera desberdin proposatzen ditut, biak «Baskonia Mendebaldeko Unibertsitatea» izenaren inguruan eraikiak:

BaskMUni – Baskonia Mendebaldeko Unibertsitatea

UniBaskM – Unibertsitatea + Bask(onia) + Mendebaldea

Beste aukera batzuk ere posible dira, hala nola BaskoniaMUni, baina izen horiek luzetxoak suerta daitezke komunikazio praktikoaren aldetik.

BKU, BaskUniM eta UniBaskM izenen artean, UniBaskM markak ematen du egokiena izan daitekeela. Badakit gaur egun badagoela Unibasq (https://www.unibasq.eus/es/), Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentzia izenekoa, baina honi izena aldatzea posible litzateke etorkizunean.

Hau guztia proposamen irekitzat ulertzea nahi nuke. Markaren eta izenaren inguruko eztabaida zabalago batean aukera gehiago aztertzea ere zilegi eta beharrezkoa dela dirudi. Bide interesgarria izan liteke «Bask» erroa abiapuntu gisa hartzea, izaera geografikoa eta sinbolikoa uztartzen dituelako.

Ondorio modura

Lau puntu hauetan aztertutako gaien ondorioz, esan daiteke egunetik egunera argudio gehiago biltzen ditudala Euskal Herriko Unibertsitateari EHU akronimoarekin deitzea asko sakondu gabeko erabakia izan dela baieztatzeko.

Gera bitez aportazio hauek idatzirik, baldin eta inoiz EHUren izenaren auzia berriro mahai gainean jartzen bada, eztabaida osatzeko baliagarri izan daitezen.

Esta entrada fue publicada en Baskonia, brandig-reputation, Naming and identity. Guarda el enlace permanente.

Deja un comentario