
Eslovenia eta Eslovakia maiz nahasten dira. Baina nahasketa horretan Eslovakiak beti irabazten dio Esloveniari. “Naming” edo marketing lege bat da: izen indartsuena, ahoskera sendoagoa duena, beti nagusitzen da.
Merkatuak bere legeak ditu, nazioarteko harremanek ere bai, eta izenak berebiziko garrantzia du. Lehia horretan ahuleziak saihestea komeni da. Izen ahulena duenak adi ibili behar du, gauzak berdin jarraituz gero beti galduko duelako.
Hona hemen nahasketa hori erreala dela, gehienetan Eslovenia-ren kaltetan, frogatzen duten hainbat adibide eta gertakari:
- 2010eko Futboleko Mundu Txapelketan, Eslovenia-Ingalaterra partidaren aurkezpen prentsaurrekoan, FIFAk eslovakiera erabili zuen Eslovenia aurkezteko. Kazetari esloveniarrak kexatu ziren, azpimarratuz ez zela lehen aldia, eta FIFAk barkamena eskatu behar izan zuen.
- Melania Trump-en jatorria bilatuta, askok diote Eslovakian jaioa dela, Eslovenian jaioa denean.
- George Bush-ek adierazi zuen Eslovakiako presidentearekin bildu zela, baina bilera hura Esloveniako presidentearekin izan zen.
- 2003an, Silvio Berlusconik Eslovakiako lehen ministro gisa aurkeztu zuen Esloveniako Anton Rop. Azken honek kazetariei eskatu zien kroniketan intzidenterik ez jasotzeko.
- New York Times-ek 2017an “Bereiz ezazu Slovakia eta Slovenia” izeneko ekimen berezia antolatu zuen.
- Mito zabaldua ere bada bi herrialdeen enbaxadek hilean behin jasotako gutunak elkarri bidaltzen dizkietela, nahasketak konpontzeko.
- Lets Go Slovenia webguneak ere honi buruzko artikulua du: “Zuk diozu Slovakia, guk diogu Slovenia!”, eta bertan “Bi herrialdeak nahastea saihesteko 5 datu azkar” eskaintzen dituzte.
- Izotz Hockeyko Mundu Txapelketan (IIHF World Championship), Esloveniako himnoaren ordez Eslovakiakoa jo zuten.
Ikusten da nahasketa asko gertatzen dela eta beti Esloveniaren kalterako. Izan ere, izen honekin, arazo hau ez du inoiz guztiz gaindituko.
Biak lurralde eslaviarrak dira. Biak izen antzekoak dituzte, biak bandera berdintsuak (desberdintasun nagusia armarriek ematen dute), eta biak Sobietar bloke zaharraren desegitetik sortuak dira. Horregatik darabilte Errusiako banderaren kolore berdinak. Kointzidentzia ugari, nahasketak areagotzen dituztenak.
- Eslovakia Txekoslovakia banatu zenean sortu zen, Europako erdialdean dago, Txekia, Polonia eta Austriaren artean. 5,5 milioi biztanle ditu.
- Eslovenia Jugoslavia desegin zenean sortu zen, Europako erdialde-hegoaldean. Kroazia, Italia, Hungaria eta Austriaren hegoaldearekin du muga, baita Adriatikoarekin ere. 2,1 milioi biztanle ditu.
Gaur egun, Esloveniak aurrea hartu dio Eslovakiari zenbait arlotan. Eslovakiarrek biztanle gehiago izanik BGP handiagoa dute, baina BPG per capita kontuan hartuta Eslovenia aurretik dago. Munduko nazio-markaren balioa neurtzen duen Brand Finance sailkapenean (2025eko datuak) Esloveniak aurretik jarri da, Eslovenia 56. postuan dago 39,5eko balioarekin, eta Eslovakia 60. postuan 39ko balioarekin.
Indarberritze prozesu honetan, Esloveniari izena gogortzeak on egingo lioke, Eslovakia-tik hobeto bereiziko duen izena bereganatuaz.
Zela konpondu liteke nahasketa hau?
Ezer proposatu aurretik, galdetu behar da ea esloveniarrak prest egongo liratekeen konpontzeko. Batzuetan arazoa izanda ere ez da onartzen dagoenik ez baita ikusten, edo ikusi bai baina aldaketarik nahi ez. Kanpotik begiratuta begi-bistakoa da merezi duela konponbidea bilatzeko esfortzua egitea.
Izen-aldaketak ez dira hain arraroak, eta arrazoi desberdinengatik munduan hainbat kasu izan dira edo eztabaidatzen ari dira, ikus: Herbehereak, Zelanda Berria/Aotearoa, Ipar Mazedonia, Iran, Tailandia, Botswana, Sri Lanka, Zimbabwe, Myanmar, Eswatini, Türkiye, India/Barat, etab.
Eswatini-k, adibidez (lehen Swazilandia), izena aldatu zuen Suitza-rekin izen antzekotasunak sortzen zizkion arazoengatik. Aldaketak ondorio onak izan zituen: hasieran inbertsioa behar izan bazuten ere, gaur izen berria kontsolidatua dago eta arazoa neurri handi batean gaindituta. Türkiye ere hor dago: izen bakarra orokortu du hizkuntza guztietarako, homogeneotasuna eta sendotasuna bilatuz.
Helburua nahasketa saihestea da. Batzuetan aldaketa txiki batek ere nahasketaren konponbide garbia ematen du. Adibidez, Austria eta Australia bi letrak desberdintzen dituzte, baina horrekin nahastea ia erabat saihesten da.
Ez dut nahikoa ezagutza esloveniarrak izenaren arazo hau planteatzeko prest dauden, zer puntutan dauden jakiteko. Beraz, proposamen hauek ariketa pertsonal gisa ulertu behar dira, inork eskatu gabe eginak baitira.
Aldaketarako oinarri historiko-linguistikoren proposamena
- Carintia edo Carniola: Eslovenia dagoen eskualdeari Carintia (Koroška eslovenieraz) esaten zitzaion eslaviar etorrera ondoren. Gaur egun Austriako estatu federatu bat da (Kärnten alemanez) eta Esloveniako iparraldeko eremu historiko eta estatistiko bat ere bai. Carniola (Gorenjska) ere eskualde historikoa da.
- -ska atzizkia: Esloveniako eskualde historiko eta estatistiko guztiak, batek ezik, -ska atzizkiarekin amaitzen dira. Adibidez: Pomurska, Podravska, Koroška, Savinjska, Zasavska, Posavska, Jugovzhodna Slovenija, Osrednjeslovenska, Gorenjska, Primorsko-notranjska, Goriška, Obalno-kraška.
- Oinarri gehiago ere hartu daitezkeela ez dago esan beharrik ere. Hemen ez dugu asko garatuko, baina esaterako armarrian agertzen den Triglav mendiarekin lerrotutakoak ere interesgarriak izan daitezke.
Oinarri hauei jarraituaz, hiru bide nagusiki hartu daitezke izenaren aldaketarako
1. Guztiz aldatu. Izen erabat berria onartu:
- Koroska
- Kranjska
- Koroska-Kranjska
2. Fusioa, Eslovenia erroa laburtuta -ska atzizkidun formekin lotu:
- Esloska (Eslo + ska)
- Esloroska (Eslo + roska)
- Eslokoroska (Eslo + Koroska)
- Esloveska (Eslove + ska)
- Eslovenska (Esloven + ska)
- Eslovenjska (Eslovenj + ska)
- Eslonjska (Eslonj + ska)
- Eslovjska (Eslovj + ska)
3. Gehiketa. Eslovenia izenari erabiltzen den beste bat gehitu:
- Eslovenia-Koroska
- Eslovenia-Karniola
Deitura aldatu aurretik izen berriak erantzun beharreko galderak
- Esloveniarrentzat atsegina eta naturala izango litzateke?
- Munduko beste herrialdeetatik argi bereiziko litzateke?
- Eta batez ere, Eslovenia-tik kanpo ez lukete nahastuko Eslovakia-rekin?
- Esloveniarrentzat erraza izango litzateke bereganatzea?
Bandera ere aldatu behar al da?
Ez da hain premiazkoa, baina aprobetxatuta mesede egingo lieke. Bi banderek bereizgarritasun nagusia armarrian dute: Eslovakiak gurutze bikoitza du mendi biblikoekin, eta Esloveniak mendiak, izar-hibai-itsasoarekin. Gurutze bikoitza bereizgarriagoa da, mendien eta itsasoaren irudiak arruntagoak direlako.


Mendi motiboa gogorrago eta bereizgarriago egiteko saiakera bat onuragarria litzateke. Eta izena aldatzeko esfortzua egiten bada, banderan ere aldaketa txiki bat egitea komeniko litzateke nortasun bereziagoa indartzeko.
Oharra: Barkamena eskatu nahi diet esloveniarrei: hau ariketa pertsonal moduan egiten dut, haien eremuari buruz inork eskatu gabe hausnartuta, ez bezate besterik ikusi. Inork sakondu nahi balu gaian, hemen esandakoa baliagarri izan bezaio.