
Egun hauetan nahiko zarata sortu du sare sozialetan zein nazioarteko berrietan Somalilandia izenak, Somaliland ofizialki deitua. Eta, egia esan, deitura kuriosoa ematen du: XXI. mendean, Afrikako lurralde bat izanik, zela liteke kolonia anglosaxoien ohiko amaiera duen izena —»-land»— mantentzea, kolonialismotik askatu diren herrialde gehienek beren hizkuntza eta tradizioetako izen propioak berreskuratu dituztenean?
Galdera sinplea dirudi, baina erantzuna geruzaz geruza aztertzen denean, Afrikako Adarreko historiaren, geopolitikaren eta identitatearen korapilo sakonetara eramaten gaitu. Izan ere, Somalilandia ez da soilik izen arraro bat: izen politiko bat da, memoria historiko baten gordailu, eta existitzeko aldarrikapen dariona.
Kolonial banaketatik sortutako izena
Gaur egungo Somalia, Djibouti eta Somalilandia ulertzeko, XIX. mendearen amaierara jo behar da, Europako potentziek Afrika mapa gainean banatu zuten garaira. 1884–1885eko Berlingo Konferentzian, Afrikako Adarra hiru inperio nagusiren artean zatitu zen: Frantziak gaur egungo Djibouti eskuratu zuen, Italiak hegoalde zabala hartu zuen, eta Britainia Handiak iparraldeko kostaldea kontrolatu zuen.
Britainiar protektoratu horri British Somaliland izena eman zitzaion, somaliarrak bizi ziren lurraldea, britainiarren administraziopean. Hegoaldean, italiarrek antzeko logika erabili zuten, baina «Somalia italiana» handiagoan integratu zen, 1936tik aurrera Mussolini buru zela, Etiopiarekin batera Africa Orientale Italiana (AOI) deitua, eta izen hori pixkanaka «Somalia» soilera igaro ziren. Hortik dator gaur egungo paradoxarik handiena: bi lurraldeek jatorrian izen bera zuten oinarrian. Batek forma laburra hartu zuen; besteak, forma koloniala mantendu zuen.
Somalia eta Somalilandia izenek gauza bera esan nahi dute literalki — somaliarren lurra. Desberdintasuna ez dago esanahian, baizik eta testuinguruan. Biek 1960an lortu zuten independentzia, eta lau egun besterik ez ziren igaro elkartzea erabaki zuten arte.
Izen zaharra, estatu berria
Afrikako Adarra osatzen duten lurraldeak historia komun batek lotzen ditu, baina muga eta izen desberdinek bereizten. Antzina, eskualde honek ez zuen «Somalia» izenik: kostaldeko hiriek Arabiar Penintsularekin merkataritza sare zabalak zituzten, eta Islamaren hedapenak eragin handia izan zuen XI. mendetik aurrera. Somaliar herria — hizkuntza kushitikoa eta kultura nomada partekatzen dituena — mendeetan zehar sakabanatuta egon da estatu-mugen gainetik, eta gaur egun ere komunitate handiak daude Etiopian, Kenian eta Djiboutin. Horrek azaltzen du zergatik zen «Somalia» izena hasieratik proiektu pan-somaliarra: herri osoa batzeko asmoa.
«Somali» terminoa oso zaharra da, nahiz eta estatu-izen gisa berria izan. Erdi Aroko iturri arabiarrek jada antzeko forma erabiltzen zuten Adengo golkoko merkataritza deskribatzeko. Jatorriari buruz teoria ezberdinak daude: Samaale izeneko arbaso mitikotik eratorria, artzain-hizkerako «jezten dutenak» esamoldetik, edo antzinako hizkuntza kushitikoetako erro batetik. Adostasun osorik ez dagoen arren, argi dago autoizendapen etniko bat dela, kanpotik ezarritakoa baino gehiago. Kolonialismoak, ordea, mapa zehatzak behar zituenez, XIX. mendean indartu zuen izena kartografia ofizialean.
Estatu labur bat, memoria luze bat
Somaliarentzak 1960. urtea erabakigarria izan zen. Ekainaren 26an, Britainiar protektoratuak independentzia lortu zuen eta Somalilandiako Estatua sortu zen. Bizi izan zen epe laburrean, Somalilandiako estatuak nazioarteko aitortza jaso zuen — 35 estatu inguruk onartu zuten —, nahiz eta laster desagertu lau egun geroago, bere borondatez, hegoaldeko italiar administrazio ohiarekin bat eginez, Somalia sortuz.
Horrek ondorio juridiko garrantzitsua du gaur egun: Somalilandiak dio ez dela Somalia-tik sezesionatutako eskualdea, baizik eta lehendik independentea izan zen estatu baten berrezarpena.
Historia desberdinen ondorioak
Batasunaren ondoren, iparralde eta hegoaldearen arteko tentsioak handitu ziren. Kolonial administrazio bakoitzak egitura ezberdinak utzi zituzten: britainiarrek gobernu arinagoa eta tokiko egitura propioagoak; italiarrek, administrazio zentralizatuagoa eta azpiegitura sakonagoa. Klan-egiturak ere ez ziren berdinak — iparraldean Isaaq klana nagusi da, hegoaldean aniztasun handiagoa dagoen bitartean.
1980ko hamarkadan, Siad Barre-ren erregimenak iparraldean egindako kanpaina militarrek — batez ere Hargeisaren bonbardaketak — Isaaq tribua edo klanaren milaka hildako eragin zituzten eta zauri sakona utzi zuten. Askoren ustez, une horretan hautsi zen betiko batasun politikoa.
1991: izena berriro bizirik
Somaliako estatua 1991n krisian erori zenean, iparraldeak independentzia aldarrikatu zuen berriro, kolonial garaiko mugetan oinarrituta, eta izen bera hartu zuen: Somaliland. Ez zen kasualitatea. Izen horrek hiru gauza adierazten zituen aldi berean: kolonial garaiko lurralde zehatza, 1960ko estatu independente laburra, eta Somaliatik bereizteko identitate politikoa.
Ordutik, Somalilandiak estatu baten ezaugarri nagusiak ditu: gobernua, moneta, hauteskundeak eta segurtasun indarrak. Aldi berean, Somalia nazioartean aitortuta dago, baina egonkortasun arazo handiak ditu. Paradoxa nabarmena da: funtzionatzen duenak ez du aitortzarik; aitortua dagoenak zailtasun handiak ditu.
Herri-galdeketa eta nazioarteko isiltasuna
2001ean konstituzioari buruzko erreferendum bat egin zen Somalilandian. Parte-hartzea oso handia izan zen eta boto-emaileen gehiengo zabalak independentziaren alde egin zuen. Hala ere, ez nazioarteko komunitateak, ez Somaliako gobernuak ez zituzten emaitzak aitortu. Afrikako Batasunak kolonial garaiko mugak mantentzearen printzipioa defendatzen du orokorrean, kontinentean sezesio berriak saihesteko.
Aitortzarik gabeko diplomazia
Somalilandiak harreman informalak garatu ditu hainbat herrialderekin, bereziki Taiwanekin — biak estatu funtzionalak dira, baina aitortza diplomatiko mugatua dute. Merkataritza, segurtasun eta logistika arloetan ere harreman praktikoak ditu, Itsaso Gorrirako sarbideko kokapen estrategikoari esker.
Hala ere nazioartean harreman informalak ditu hainbat herrialderekin, bereziki Taiwan-ekin. Biak estatu funtzionalak dira, baina legitimitate diplomatiko mugatua dute. NBEko partaide den Israel izan da ofizialki estatu independente gisa onartu duen lehena.
Zergatik mantendu izen koloniala?
Galderaren muina hor dago. Arrazoi nagusiak hiru dira: legitimitate juridikoa — kolonial mugek independentziaren oinarria ematen dute —, historia politikoa — 1960ko estatu independentearekin lotura —, eta bereizketa estrategikoa — Somalia izen pan-somaliarraren aurrean identitate propioa. Izenak, beraz, ez du iragana adierazten soilik; etorkizuna ere markatzen du.
Somalilandiaren kasuak erakusten du estatu bat ez dela soilik lurraldea edo populazioa. Izena ere badela. Batzuetan, izena bera da borroka politikoaren erdigunea. Afrikako herrialde askok kolonial izenak baztertu zituzten independentziaren ondoren. Somalilandiak, ordea, kontrakoa egin du: izen koloniala hartu du independentziaren oinarri gisa. Hor ba izenaren zergatia.