Urriaren 26an ospatu zen Iruiñan Nazio Ikurren II. Biltzarra, Biltzarre-ek antolatua. Parte hartzeko gonbidapena jaso nuen ponentzia batekin, lehenago ekainaren 18an Zarautzen izan zuten lan saioan egin nuen arira. Ondoren, argitaratu behar duten gidarako bidali diedan testua. Oinarritik hasi eta metodo bat eramatearen aldekoa.
Oinarritik hasi
Euskal eremu antropologiko kulturalak bere ikurrekin duen desdoitzea ebidentea da. Azken garaiko ibilbidean okerrera egin duela dioenik ere bada, guztia ordenatzea beharrezkoa dirudi.
Zentzuz jokatzea eskatzen du ikurren birantolatze lanak. Azken baten, ikurren definitzea lan estrategikoa izanik ezin delako abiapuntuaren angelua gaizki kalkulatu, noranzko garbia behar du, norabide zuzena jarraitzeko. Era berean itsasontzi hau ezin da larregi kargatu, hobe da buelta bi edo hiru egitea sama larregik ondoratu ez dezan. Ikur guztiak batera aztertzeari arrisku hori ikusten diot.
Estrategia komunikatiboak urrats ordenatu batzuk jarraitzea eskatzen du. Lehenik izena eta gero nortasuna (balioak –baloreak- eta atributuak) finkatu behar dira. Ez badira finkatzen, beste puntuak ez dira inoiz ongi garatuko.
Imajina dezagun interneteko domeinua lortzea nahi dela, ez da berdina izango izen bat ala bestea hartzen bada. Euskadi, Nabarra, Euskalherria, Baskonia edo Baskonabarrak ezin dute domeinu bera izan, zeren izen baterako balio duenak besterako ez du balio.
Antzerakoa pasatzen da ereserkiarekin, himnoak balioak (bat behintzat), pertsonaia edo gertaeraren bat goraipatu beharko luke, beste baldintza batzuen artean. Balioak lehenago ez badira finkatzen ezingo da zuzen aukeratu.
Kontutan hartu behar da, guzti honek hedatze prozesua ere izan behar duela. Horregatik, orain ez nituzke aukeraketak egingo, eztabaidatu eta guztia gizarteratzeko sasoia da, jendeak ongi uler dezan zergatia.
Arrisku zenbait kontutan hartu eta saihestu
Planteatzen den gaiak izugarrizko garrantzia du, euskaldunok gure esparru antropologiko kulturala definitu eta ezagutarazteko. Beraz, ez dezagun nahastu esparru antropologiko kulturalaren izena eta politika. Guk esparru kulturala finkatu behar dugu eta onartu. Bestela ez dugu inoiz ezer garbirik lortuko.
Egiten denak, oraingo eraketa administratiboarekin talka egitea ekidingo du, ahal badu. Onartu behar du dagoen egoera kontutan hartu eta errespeta behar dela. Bestela, aurrera egiteko aukerak gutxi izango direlako.
Lan hau ondo egiten bada politikarako ere balioko du. Politika atzetik etorriko da, etorri behar bada. Baina politika (politikakeria) aurretik ipintzea hanka sartze monumentala izango litzateke. Nahiz eta, kontutan hartu behar den lehen mailako faktorea dela politika, azken baten politika baita erabiltzaile nagusia.
Horregatik, zaindu behar dira zenbait detaile. Esaterako, parte batek ez dezan hartu osoaren izena, eta lurralde bakoitzaren izenak izan dezala nortasun osoa bere izenaren aplikazioan. Adibidez, osotasuna País Vasco bada, parteetariko batek ezin du beretzako erreserbatu País Vasco izena, edo Baxenabarra badago Nabarrako beste aldeak ez luke erabili beharko Nabarra osorik bailitzan, hobe legoke Nabarra Garaia.
Era berean, hartzen den izenak, balioak eta estrategia guztiak, ideologia politiko orok onartzeko modukoak izan behar dira. Ezin da onartu izen batekin tematzea, adostasun zabala ez badu.
Horrek eskatzen du ere terapia kolektiboa, urte larregitan liskarra sortu da ikur hauen inguruan. Ideologiatik eraiki dira zenbaitetan eta ez luke horrela behar. Tradizio ideologiko guztiak kontutan hartu behar lirateke eta integratu.
Patxada eta inteligentzia ere behar dira. Abiatu lasai, kezka hedatu, arazoa dagoela gizarteratu eta elkar lanerako aukera egin.
Izena aukeratzeko baldintzak
Gehien landu dudan gaia deiturarena izanik, hemen eskatuko nizkiokeen baldintzak. Izena izan behar da:
- konpaktua (izen bakarra onartuko litzateke, nahiz konposatua izan)
- berdina hizkuntza guztietarako (euskara barne)
- inklusiboa (ez baztertu identitate ez ideologiarik, haserreak ekidinez)
- identifikatzailea, errekonozitzailea eta desberdina (diszernigarria izan dadila)
- historian erabilitakoarekin konkordantzia izango duena
Ongi legoke ere kontutan hartzea
- Trinkotasuna
- Luzera (silaba/hizkiak)
- Euskal/erdal hiztunen komunitateak errespetatzea
- Biztanlegoa kohesionatzeko ahalbidetzea
- Esparru bakoitzarena errespeta eta bestearena ez inbaditzea
- Deitura, hizkuntzaren izena eta jentilizioaren konkordantzia bilatzea
- ISO kodeetan lekua izatea
- Akronimoak egiterakoan, eremu bakoitzak bakarra eta berea izatea.
Metodo zuzena erabili
Izen guztiak hartu behar dira kontutan, aspaldikoak zein berriagoak, eta bakoitzean sakondu, bere historia ezagutu, bere gizarteratzea baloratu eta guztiarekin, elkarlanean, AMIA (Indarrak, ahuleziak, aukerak, mehatxuak) on bat osatu. Egoera ongi ulertzeko.
Gero, lantalde zabala zuzen aukeratu, adina, sexua, ikasketa maila, lurraldea etab. kontutan izanik eta ponderatzeko metodo on bat erabiliaz lantaldeak osatu, azaldu gaia, aztertu eta baloratu. Guztia erakunde batek gidatuta. Ondoren, esparru desberdinetako biztanlegoari aurkeztu eta bere iritzia jasoaz.
Sasoi onenean gaude
Esango nuke aspaldiko sasoi onenean gaudela lasaitasunez guztion arteko adostasunez gaia aztertzeko. Aurreko zenbait urteetako zurrunbiloen ostean guztiok ikasi dugu albokoa kontutan hartzen, entzuten, sakontzen, lasai aztertzen.
Oinarrizko baldintza: Ideologia guztientzako balio duena izan dadila
- Alderdi politikoetatik gaindi
- Sentsibilitate guztientzako onargarria
- Inork arbuiatuko ez duena
- Ideologikoan oinarriturik izango ez dena
Beti itxaropentsu, esperantzari leihoa ireki eta errealismoaz jokatu! Ia, behingoz auzia konpontzen dugun behin betiko.