
“Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio du” dio esaera ezagunak eta sarritan horrela izaten da, oraingo fotografiak hizkietara eramango gaituen arren. Lagun baten bitartez etorri zait alboko irudia. Izugarrizko ilusioa egin dio euskara ikustea beste hizkuntzen artean, Kataluinako Manresan dagoen Cova de Sant Ignasi-ko informazio azalpenetan. Ni ere poztu naiz, zela ez!
Erabili duten hizkuntzen ordenak ere pozten du, lehenengo bertakoa katalana, bigarrena euskara, S. Inazio euskalduna bere erromesaldian Arantzazuko geldialdiaren ostean egon zen koba baita Manresakoa, hurrengo gaztelera eta ondoren ingelesa, frantsesa eta alemaniera.
Baina bakoitzak dituen antiojoekin ikusten dituenez gauzak, ezin izan dut nireekin begiratu gabe geratu. Konturatzen bazarate beste herrialde guztiak letra bakarraz identifikatuak daude (GB ezik, bi letrarekin dagoena) baina gureak, helburu bera lortzeko, hiru hizki behar izan ditu, EUS.

Zergatik ote gabiltzan hain trakets galdetzen badiogu gure buruari erantzuna erraza da, hitz baten alde egiten dugunean bere erabilera osotasunean aztertu behar delako (akronimoak barne), hau da izenari bere ertz guztietatik begiratzea komeni delako.
Hizkuntza desberdinetan azalpena eman behar denean, kasu honetan den moduan, banderak ala akronimoaren hizkiak hartzen dira orokorrean identifikatzaile moduan, bigarren hau da Manresan hartu duten eredua.
Kartelak, irakurtzailea bere hizkuntzara zuzentzeko egiten dira, norbere hizkuntzan irakurtzera gonbidatzen du bisitari bakoitza. Kasu honetan, hizkuntza identifikatzeko estatu edo nazioaren izena erabili dute. Kartelak irakurtzailea erakarri nahi duenez iradokitzen dio, “nongo estatu-naziokoa zara? Hemen zure hizkuntzan azalpentxoa”, esan zitekeen ere “zer hizkuntza darabilzu? Hemen zure hizkuntzan azalpentxoa”. Eta horretarako erabiltzen den identifikatzailea irakur behar duenaren mintzairaren edo estatu-nazioarena da, bere hizkuntzan, jakina.
Katalanentzako C, espainiarrentzako E, frantsesentzako F eta alemaniarrentzako D aukeratzea oso erraz eduki dute. Alde batetik hizkuntza eta nazio izena (glotonimoa eta etnonimoa) berdinak dituzte, eta ez daukate konpetentziarik hasierako hizkiarekin. Britania Handiak bi hizki erabili behar izan ditu, Great Britain GB, bertako irla handienaren izena, ingeles mintzo direnak erakartzeko. Behar bada, identifikazioa glotonimoarekin egingo balute, lehen hizkia E izan beharko zen eta Espainiaren E-rekin talka egin.
Denak berdintzeko bi letra eskatuko balitzaie guztiei, Kataluniak CA, Espainiak ES, Frantziak FR eta Alemaniak DE erabiliko lukete. Euskaldunok izango genuke bere lekua EU erabiliaz, eta E letrarekin hasten diren beste biekin, ES eta EN, desberdindu. Baina bi digituko EU hori Europak erabiltzen duenez ofizialki, ISO kodearen arabera, mugatuak egongo ginateke, beste batena lapurtzen ari garela emango lukeelako.
Ondorioz, gure hizkuntzan idatzitakoren identifikazioa hiru hizkira eraman behar izan dute, EUS-era. Forma hori baita normalizatuen gure artean. Letra batekin edo birekin ezin izan gaituztelako identifikatu.
Bat, bi edo hiru hizkirekin gure lurraldea edo hizkuntza definitzeko bide garbia edukitzea guri dagokigu, geure artean konpondu lehenez. Garbi baldin badaukagu besteek horrela aplikatuko dute. Hiru nibeletarako baliagarri den alternatiba jorratu behar genuke, orain arte landu ditugun bideak bere mugak erakutsi dituelako, hemen aztertzen ari garen ereduan frogatu den moduan.
Behin baino gehiagotan idatzi izan dut, aukeratua dugun EUS horrek, bi hizkira jeitsiaz gero, EU edo ES egin behar duela, ez daukala beste aukerarik. Eta era bietan talka egiten duela beste norbaitekin, EU-k Europarekin eta ES-ek Espainiarekin, biak ISO kodeetan ofizialki horrela onartuak daudenak. Hizki bakarrera eramanez gero, E beharko genuke, eta hor ere lehentasuna dute handiagoak, zein lehenago erabili dutenak.
Nire proposamena gure izena munduan Baskonia/Euskalherria gisan erabiltzea litzateke, eta horrela B, BK, BKN izango genituzke identifikatzen gintuzkeen hiru mailetako akronimoak. Kontutan hartuta ere ISO kodeetan BK eta BKN libre daudela. Horrela hizki bakarrean B erabili genezake, beste bi mailetako kodeekin koordinaturik. Dena zuzen eta txukun.
Urratsik urrats aurrera egitea dagokigu. Perspektiba zabalaz eta konpondibea aurkitzeko asmo zintzoenarekin.