Demografia, etorkizunaren giltza: Suitza, Portugal eta Baskonia

Suitzak ekainaren 14an egingo duen erreferendumaren harira —biztanleriari topea ezarri nahi baitzaio—, eta euskal gizartean demografiak duen funtsezko garrantzia kontuan hartuta, ideia batzuk aztertzea egokia dirudi. Baskonia bidegurutze demografiko larriaren aurrean dago, biztanleen artean gero eta handiagoa da gai honen inguruan sortzen ari den kezka —askotan immigrazioarekin lotutakoa—.

Baskonia Mendebala eta Nabarra Garaia batuz, 2,87 milioi biztanle inguru dira Baskonia Hegoan, baina etorkizunari begirako zenbakiak benetan kezkagarriak dira. 2024an 17.465 jaiotza baino ez ziren erregistratu bi lurraldeetan batera (12.904 Baskonia Mendebalean eta 4.561 Nabarra Garaian), eta ugalketa-indizea emakumeko 1,18 jaiotzetara erori da. Datu hau Europar Batasuneko batez bestekoaren (1,38) eta belaunaldien ordezkapenerako beharrezkoaren (2,1) oso azpitik dago.

Horrek esan nahi du erreprodukzio naturalerako ia puntu oso bat falta zaiola. Gainera, lehen erditzearen batez besteko adina 32,5 urtera igo da Baskonia Mendebalean. Gizarte zahartua, jaiotza-tasa Europako baxuenetakoa eta biztanleria-hustutzearen arriskua: horra Baskoniaren erronka demografikoa.

Baina norantz begiratu behar ereduak bilatzeko? Bi herrialde europarrek erantzun guztiz desberdinak proposatzen dituzte: Suitzak hazkundeari mugak ezarri nahi dizkio, eta Portugal, aldiz, 10 milioiko langari eutsi ezinik dabiltza.

Suitzako eztabaida: 10 milioiko sabaia

Suitzako Kontseilu Federalak 2026ko ekainaren 14rako erreferendum bat deitu du, SVP alderdi eskuindarrak bultzatutako herri-ekimena bozkatzeko: «Ez 10 milioi biztanleko Suitzarik» («Keine 10-Millionen-Schweiz!»). Ekimenak herrialdearen biztanleria egoiliarra 2050a baino lehen 10 milioitara mugatu nahi du; 9,5 milioi biztanlera iritsiz gero, gobernuak neurri zorrotzak hartu beharko lituzke. Herrialdeak gaur egun 9,1 milioi biztanle ditu, eta 2000. urteaz geroztik biztanleria %25 hazi da.

Eztabaida honetan bi aldeak oso argi daude. Aldekoek (SVP eta ingurukoak) diote mugarik gabeko hazkundeak baliabideak itotzen dituela, azpiegiturak kolapsatu, etxebizitzaren prezioa igo eta herrialdearen izaera eta bizi-kalitatea kaltetzen dituela. Kontrakoen artean gobernua, ezkerra eta enpresa-elkarteak daude; hauek ohartarazten dute tope demografiko batek ekonomia itoko lukeela. Enpresentzat ondorioak larriak liratekeela, gaur egun lau lanpostutik bat atzerritarrak betetzen baitu eta EBko langileek mugitzeko askatasun-hitzarmenak dituztelako. Azken inkestek berdinketa teknikoa erakusten dute (%47 alde eta %47 aurka).

Portugalen erantzun ausarta: 10 milioiko langa

Beste muturrean Portugal dago, eta bere ardura nagusia ez da masifikazioa, hustutzearen beldurra baizik. Portugalgo INEk argitaratutako proiekzioen arabera, gaur egungo 10,7 milioi biztanletik 2100erako 8,3 milioira jaitsi daiteke herrialdea. Eurostatek ere kalkulatu du Portugalen biztanleria %22,5 jaitsiko dela 2040-2100 artean.

Hustutze honen arrazoi nagusietako bat emigrazioa eta honek immigrazioarekin duen harreman konplexua da. Portugalgo 15 eta 39 urte arteko biztanleen %30 kanpora joan da (850.000 pertsona inguru). Horrek ugalketa-tasan eragin zuzena du: ama portugaldarren haurren bosten bat atzerrian jaiotzen da. Portugalgo arazoa «existentziala» da: ez dira gutxi jaiotzen soilik, jaiotzeko potentziala duten emakumeak direla herrialdetik ihes egiten dutenak.

Hori orekatzeko, Lisboako gobernuak immigrazio-politika oso irekia sustatu du, azken bost urteetan atzerriko biztanleria bikoiztuz, pentsio-sistema eta lan-merkatua babesteko. Aldi berean, «IRS Jovem» programaren bidez gazteei zerga-salbuespen handiak ematen dizkie (lehen urtean %100eko salbuespena) haiek herrialdean geratu daitezen. Praktikan, gazte batek milaka euro aurreztu ditzake lehen hamar urteetan familia bat osatu edo etxebizitza bat erosteko. Gaur egun, Portugalgo ugalketa-indizea 1,4koa da, gurea baino altuagoa.

Baskoniaren erronka: ispilu bikoitza

Baskonia ez da ez Suitza ez Portugal, baina bi lezio garrantzitsu har ditzake. Suitzak erakusten du biztanleriaren hazkundeak muga behar duela, bereziki euskara bezalako hizkuntza-komunitate txiki bat babestu nahi denean, integrazioa ez baita automatikoa. Immigrazioa beharrezkoa da arnasgune demografikorako, baina ezin da ordezkatzaile huts bihurtu; osagarri izatetik nagusi izatera pasatzen bada, belaunaldi bakarrean desagertu daiteke euskaldutasuna.

Baskoniako erakundeek, Kontzertu Ekonomikoa (Baskonia Mendebala) eta Hitzarmena (Nabarra Garaia) baliatuta, badute zerga-ahalmena «IRS Jovem» bezalako neurriak aplikatzeko. Etxebizitza-laguntzak eta kontziliazio-politika integralak behar-beharrezkoak dira. Matematika argia da: 1,18ko indizearekin, gizarte-kohesioa eta euskararen etorkizuna kolokan daude.

Amaitzeko, Suitzak hazkunde mugagabeari buruz eta immigrazioaren neurriak hausnartzen duten bitartean eta Portugalek gazteei bidea errazten dien bitartean, Baskoniak bi ikuspegi horiek barneratu behar ditu. Hazkunde demografikoa kudeatu, euskaldunentzako barne-pizgarriak sortu, hemen esan diren neurriak eta beste asko garatuz. Euskaldun izatea nahi duen herria nahi bada, orain da ausartzeko unea.

Esta entrada fue publicada en Baskonia, brandig-reputation, Demografia-reputation. Guarda el enlace permanente.

Deja un comentario