Eurobask-etik Eurobasque-ra: beste kapritxo bat lurraldearen kalterako

Azpiko irudian ikus daitekeen plaka hau Gasteizen dago jarria, Prado kalean, Nestor Basterretxearen eskultura honetan itsatsita, Eusko Europazaleak-ek 2011n, Eurobaskeren 60. urteurrenaren lekuko. Bertan, mezu argi eta itxaropentsua irakur daiteke: “Utopiak jarraitzen du”.

Baina gaur egun, norbaitek “Eurobask” hori bera bilatu nahi badu, ez du lan erraza izango. Izena bera lausotu egin da, ia desagertzeraino. Izan ere, gaur egun Eurobask ez da existitzen: Eurobasque bihurtu dute.

Artikulu honen azpiko testuan[i] dion moduan, 2005ean Europako Mugimenduaren Euskal Kontseiluak Eurobask izena hartu zuen, 2000. urtetik Eurobask deitzen zen aldizkariaren izen bera. Mugimenduaren historia, sorrera eta bilakaera sakonago ezagutu nahi duenak, Alexander Ugalde-ren lana kontsulta dezake.

2014. urtean, gaur EAJ-rena den Parisko Avenue Marceau 11.eko jauregian, irudian ikusten den plaka hau itsasi zuten horman Europako Mugimenduaren Euskal Kontseiluaren 60. urteurrena ospatzen, berriro ere Eurobask izenarekin.

Eta, hala ere, 2016an izena berriro aldatzea erabaki zen. Arrazoia sinplea bezain adierazgarria argudiatuz: “Eurobask hitzak ez omen zuen soinu egokirik ingelesez, eta nahasgarria izan zitekeen”. Horren aurrean, erabakia argia izan zen: “Bask” kendu eta “Basque” jarri.

Baina bada xehetasun esanguratsu bat, askotan aipatzen ez dena: erakundearen aldizkariak Eurobask izena mantentzen du.

Are gehiago, badirudi izen horri mantentzearen aldeko zelabaiteko erresistentzia egon dela. Izan ere, ez dira ausartu aldizkariaren izena aldatzen: Eurobask izaten jarraitzen du, nahiz eta aurki daitekeen azken zenbakia 2009koa izan.

Hots, izena mantendu, baina aldi berean lausotu. Guztiz ezabatzen ausartu ez, baina bai mareatzen hasi.

Eta hor dago gakoa. Izen bat ez da lau katuri jolas egiteko irudikatzen zaion etiketa hutsa. Izen bat komunitate baten eraikuntza da. Denboran zehar metatutako zentzua da. Nortasunaren adierazpena da. Ezin zaio adarrik horrela jo.

Eurobask” ez zen arazoa. Ez zen oztopo bat. Ez zen zuzentzeko zerbait. Alderantziz: izen egokia zen, koherentea, eta bere historiarekin lotua.

“Eurobasque” ez da aurrerapausoa izan. Ez da egokitzapen natural bat izan.

Alemanez, Baske gara; gaztelaniaz, portugesez, italieraz eta katalanez, basc(k)o; eta frantsesez, nahiz eta ofizialki Pays Basque erabili, hitz elkartuetan basco erabiltzen dute, era indartsuan Bascobéarnais hitza lekuko.

Baina erabaki hau hartu duten hauek ingelesez ikasi dute. Ez dakite, gainera, hitzaren amaieran bask indartsuagoa dela basque baino, berdin ahoskatzen direla eta gure bask horrek naturalki basko-ra egiten duela.

Zer moda sartu da, izen guzti ofizialak ingelesera egokitzeko?. Bai, ezaguna da Jaurlaritzak Basque Country hobetsi duela, baina hainbat aldiz frogatu dudan moduan izen horrek ez du funtzionatzen. Ikus bestela blog honetan bertan hainbat aldiz aipatutakoa.

Atzera jauzi bat izan da.  Eta, finean, izen aldaketa hau astakeria hutsa, besterik ez da.


[i] Zazpi hamarkadako ibilbidean, egun EuroBasque gisa ezagutzen dugunak izen hauek izan ditu:

1) Lehenengoa: Euzko Ituntzalle-Aldezko Ekintza (EIAE) –edo Euskal Mugimendu Federalista (EMF)–. Proiektu hura 1946an sortu, eta 1947an formalizatu zen Parisen. Erbesteratutako Eusko Jaurlaritzaren alde zeuden alderdietako kideek osatu zuten, eta 1948an nazioarteko aitortza jaso zuen Federalisten Europar Batasunaren (FEB) eskutik.

2) 1949ko otsailaren 7an eta 8an, Eusko Jaurlaritzak Parisen zuen Ordezkaritzan Europako Mugimenduaren Espainiako Kontseilu Federala (EMEKF) sortu zen. Euskal Kontseilua izan zen haren sortzaileetako bat. EMEKF Nazioarteko Europar Mugimenduan (NEM) sartu zen.

3) EMEKFko Euskal Kontseiluan oinarrituta, Europako Federazioaren aldeko Euskal Kontseilua (EFEK) sortu zen 1951ko otsailaren 1ean, Parisen. Aurreko urteetan egindako urratsen jarraipena zen, eta berrogeita hamarreko hamarkadatik laurogeiko hamarkadara arte iraun zuen.

4) 1994an, EFEK historikoa berriz martxan jartzea erabaki zen, baina izena aldatuta: Europako Mugimenduaren Euskal Kontseilua (EMEK).

5) 2005ean, akronimo bat edo erraz gogoratzeko moduko hitz bat erabiltzea erabaki zen. Eurobask hautatu zen, 2000. urteaz geroztik EMEKren aldizkariaren izenburu gisa erabilia. 2005etik 2015era bitarte erabili zen izen hori.

6) Hainbat ohartarazpen jaso ziren esanez Eurobask hitzak ez zuela soinu polita ingelesez eta nahasgarria zela, eta 2016an berriz aldatzea erabaki zen. Bask ordez Basque jarri zitzaion, Euro mantenduta. Horrela sortu zen EuroBasque hitza edo izendapena. Gaur egun, erabiliena da, baina harekin batera jartzen da Europako Mugimenduaren Euskal Kontseilua (EMEK) izen ofiziala ere.

Esta entrada fue publicada en Country Reputation, Naming and identity. Guarda el enlace permanente.

Deja un comentario