
Ekainaren 12an, San Mames-en, ekitaldi serioaren ostean, pozezko algara artean, milaka txapel bota ziren gorantza, zerura. Ez zen futbol partida izan, ez eta kontzertua ere: Euskal Herriko Unibertsitateko graduondoko ikasleak ziren, beren diplomak jaso eta unibertsitateak berak eman zizkien txapelak airera jaurtitzen. Munduan graduondo-ikurrak desberdinak badira ere, hemen, txapel euskalduna izan zen protagonista. Urrats historikoa izan daitekeena da. Ideia sinplea bere eginaz.
Ekitaldiak berak baino gehiago eman du zer pentsatua irudi horrek. EHUk graduondoko diplomak banatzean, fakultate bakoitzari zegokion kolorez, txapelak ere eman zizkien ikasleei, bekekin batera. Unibertsitateak duela zenbait hilabete hasi zuen bere irudi korporatiboa berritzeko bidea, eta txapelen ekimena nortasun-bilakaera horren parte da. Unibertsitateak graduazio jaian berezko ikur bat txertatu nahi zuen, nortasun bisuala aberasteko, unibertsitateek ere, beste erakundeek bezala, beren ezaugarri propioen bidez eraikitzen baitute identitatea.

Harrera, dirudienez, oso ona izan da ikasleen artean: askok gauean ere txapela jantzita zeramaten. Kritikarik ere izan da, jakina, baina errektoretzak argi utzi du bere asmoa bestelakoa zela, belaunaldi askok partekatu duten prenda bat goraipatzeko keinu kulturala eta soziala izan nahi zuen, iritzi edo sentsibilitatetik at, gizarte osoa ordezkatu nahi duen unibertsitate publiko bati dagokion bezala.
Munduan zehar, bakoitzak berea
Munduan zehar graduazio jaietan denetariko ikurrak erabiltzen dira. Ohituta bagaude ere filmetan irudi berdintsua ikusten, errealitatean ez dira guztiz berdinak, jantziek edo osagarriek herrialde bakoitzeko kultura islatzen dute.
Mundu anglosaxoian birretea eta toga erabiltzen dute, Espainian beka, Italian erramu edo elauntz koroia. Suedian ere, masterra amaitzean, zuriz neskak eta trajez mutilak jantzita protokolo serio batean erramuzko koroiak jartzen dizkiete. Beste lurralde batzuetan insignia moduan jartzen dute. Denetarik dago.


Photos by Pekka Lähteenmäki & Eveliina Vuorma.
Aipatzekoa da ere Finlandiakoa, ez bada graduazioan bereziki ematen , baina nortasuna adierazten duena delako azaltzea ez dago gaizki. Hau da, Finlandian doktoretza-titulua eta izendapena ofizialki jasotzeko, graduatuek «conferment ceremony» izeneko ekitaldi berezi batera joan behar dute, doktore-kapela biribil bat eta ezpata bat eramanez. Kapelak ikerketa-askatasuna sinbolizatzen du, eta ezpatak, berriz, sinesten duenaren alde borrokatzeko eskubidea. Erabil daitekeen ezpata bakarra errepublikak ofizialki ziurtatutako ezpata zibila da, eta bi osagarri horiek, elkarrekin, Finlandiaren balioen eta hango hezkuntza-ikuspegiaren isla dira.
Txapela, geure egin dugun objektua
Baina zer da, azken finean, txapel hori? Txapela, jatorriz, Europan zehar hedatu zen prenda arrunt bat da, XIX. mendetik aurrera batez ere gizonezkoen artean nagusitu zena. Ziurrenik Pirinioetan barrena sartu zen, Biarnotik diote batzuek. Baskonian, hala ere, badu berezitasuna, ez zen soilik nekazari eta arrantzale munduko jantzia izan, hiriguneetan ere sendo errotu zen, langile, burges eta goi mailako jendearen artean ere. Karlistaldietan, karlista zein liberalak kolore desberdinetako txapela erabiltzen zuten soinean, soldadu arruntetik generaletara.
Kuriosoena, ordea, hitzaren ibilbidea da. Txapela hitza frantses zaharreko chapel-etik dator (gaur egungo chapeau), eta hori, azken batean, latinezko caput (burua) hitzetik. Hizkuntza askotan, gainera, prenda hori euskaldunekin lotu izan da: alemanez «Baskenmütze» da, hau da, «euskaldunen txanoa». Italieraz «berretto» diote, baina «basco» ere esan ohi zaio, horrela lurralde jakin batekin identifikatuz. Beraz, jantzi bat da, denona izanik ere, guk geure egin duguna.
Ignacio Pérez Aldecoak dioen bezala, «erabilera arrunta dena sinbolo bihurtzera iritsi den adibide argienetako bat da». Euskaldunok txapela hartu dugu edozein lehiaketatako irabazlearen garaipena azpimarratzeko, irabazlea txapelduna dela esaten da, eta txapeldunari, noski, txapela jartzen zaio. Horrek esan nahi du geure egin dugula, gure identitatearekin lotu dugula, eta gauza bat gure den aldiro, hura zabaltzea eta erakustea gauza interesgarria da, bereizten du, nortasun sakonagoa ematen du. Gradu bat gainditzen duenak ere, merituz, ondo irabazia dauka bere txapela.
Bide propioa, gainerako unibertsitateen aldean
Egia da EHUren aukera ez datorrela bat inguruko beste unibertsitateen ohiturekin. Mondragon Unibertsitatean ez dute inolako jantzi bereizgarririk erabiltzen; Deustun, aldiz, tradizio sendoagoa dute, toga edo beka; Nabarrako Unibertsitatean antzeko protokoloa jarraitzen dute; Nabarrako Unibertsitate Publikoan ez dut ikusi horrelakorik, ezta Pau eta Aturri Aldeko Unibertsitatean ere.
José Juan Rodríguez, Vogue aldizkariko Moda Masterreko zuzendariak, «asmatu» hitza erabili du EHUren erabakia baloratzeko, aldarrikapen kultural gisa, nahiz eta uste duen dress-code argiago batek onuragarri litzatekeela ikasleen gaurko janzkera askeegia mugatzeko.
Txapela bera ere doitu egin daiteke nahi izanez gero, adibide ugari daude. Doktoretza konfirmatzetarako ere, ez litzateke gaizki egongo orain ireki den bidetik sakontzea.
Baskoniako beste unibertsitateek ere bere egin beharko lukete?
Blog honetan behin baino gehiagotan hitz egin da Baskoniako erreputazio eta identitateaz, eta EHUren erabaki honek biak lotzen ditu modu eder batean. Gradua bukatzeko unea ikasle askorentzat euren ibilbide akademikoko unerik sinbolikoena da, eta une horretan geure den zerbait erabiltzeak zentzu berezia ematen dio ospakizunari.
Beste euskal unibertsitateek, EHUren adibidea ikusita, hausnartu beharko lukete beren graduazio-jaiak nolakoak diren eta zer ikur nahi dituzten horietan. Ez da esan nahi guztiek berdina egin behar dutenik, baina bai txapelak, sinbolo gisa, hor duela lekua: geurea da, edozein euskaldunena, eta une guztiz egokia da Baskoniako edozein unibertsitatetan, gradua gainditu berri duena, konfirmatzeko .
Ideia sinplea nortasun bihurtuta. Bikaina EHUren ekimena!!!