Ideia sinpleak (3) «100 Kantu»

Beti iruditu zait polita izango litzatekeela Baskoniako biztanlego osoak kantu sorta berdintsu bat jakitea, biltzen garenean -jai, bazkal zein afari ostean- euskaraz kantuz gozatzeko, elkarrekin giro atseginean. Horri deitu diot «100 Kantu».

Ehun bat kantu jakiteak ez du esan nahi guztiak zehazki berdinak izan beharko liratekeenik, baizik eta ehuneko handi bat komunak izatea. Eta hori gauzatzeko ez da planteatu nahi zerrenda estatikoa izatea: eboluzionatu egingo da belaunaldien arabera, eskualdeen izaerak ere zerikusia izango du, eta herri bakoitzak bere ukitua emango dio. Testuinguru horretan kokatzen da proiektu hau: gutxieneko komun bat sortzea, kantu biziak benetan kantatuak izango direnak taxutzea, gero bakoitzak bere errealitatera egokitzeko.

100 Kantu-ren metodoa

Eskola da oinarria: eskolan adina pasa ahala, kantu berdinak erakutsi eta ikasi, guztia era koordinatuan kudeatuz.

Koordinazio talde bat bilduko litzateke hasieran. Esaterako, 84 kantu berdin adostuko lituzke denontzako, eskualde bakoitzak beste 10 aukeratuko lituzke eta herri bakoitzak azken 6ak. Urtero, koordinazio talde horrek aukera izango luke ehuneko laua aldatzeko, lau kantu berri urtero, zerrenda bizirik mantentzeko eta belaunaldi berrien musika ere sartzeko.

Talde horrek buru bat izendatuko luke bere baitatik, Baskoniako gaur egungo antolamendu instituzionalaren arabera, indar berdina emanez Iparretik, Nabarratik eta Mendebaletik. Kontuan hartuko lituzke Eskola Publikoak, Kristau Eskolak eta Ikastolak, eta bertako irakasle profesionalak bilduko lituzke bere baitan. Guzti honek ez du esan nahi horrela izan behar denik zehazki; behin abiatuta, talde berak erabakiko luke aurrerantzean. Iniziatiba erakunde ezagun baten itzalpean sortuko litzateke, sinesgarritasuna emateko.

Zer ezaugarri bete beharko lituzkete kantu horiek guztiek?

Kontuan hartu behar da edozein talde arruntetan gertatzen dena: batzuk tenorrak edo sopranoak dira eta altu kantatzea gustuko dute, beste batzuk bajuan aritzen dira gustura, eta hurrengoek erritmoa maite dute. Lagun arteko kantuak ezaugarri sozial eta musikal oso bereziak ditu: ez da perfekzio teknikoa bilatzen, kidegoa eta emozioa baizik. Hala ere, taldean kantatzeak ñabardurak sortzen ditu askotan, batzuek garrasi egiten dute, beste batzuk lotsatiagoak dira, eta erritmoa askotan bizkortu egiten dute.

Horregatik, ezaugarri musikal eta sozialak uztartzen dituen kantuen sailkapena ongi litzateke, lau kategoriatan adibidez:

1. Eztarri-urratzaileak (garrasi egiteko kantuak). Erregistro erosokoak baina indarra eskatzen dutenak, errepika itsaskorrekin eta erritmo markatuarekin.

2. Baxu eta sentikorrak (giro goxorako kantuak). Erritmo motelagoa, akustikoa, melodia nostalgiko edo poetikoak, afalosteko azken orduetarako egokiak.

3. Erritmo-gidariak (mugimendu eta txaloetarako kantuak). Erritmo markatua, dantzarako joerarekin, taldea gidatzeko baliagarriak.

4. Errepika-zaleak (galde-erantzun kantuak). Estrofa laburrak eta egitura errepikakorra, letra osoa ez dakitenentzat ere ikasteko errazak.

Sailkapen honek bermatuko luke edozein euskaldunek, bere ahotsa eta gustua edozein delarik, kantu erosoak izatea zerrendan.

Zer paper jokatuko luke eskola sistemak: hiru administrazio, helburu bera

Euskal kantuaren transmisioa oso modu ezberdinean egituratzen da Baskoniako administrazio-eremu bakoitzean, eta hori ezagutzea ezinbestekoa da proiektua bideratzeko.

Baskonia Mendebala eta Nafarroa Garaia LOMLOE legearen markoan daude, erkidego bakoitzak bere curriculumera egokituta. Lehen Hezkuntzan musika derrigorrezkoa da maila guztietan (175-180 ordu inguru etapa osoan), eta euskal kantua sentsibilizazio artistikorako oinarrizko tresna da. DBHn lehen ikasturteetan derrigorrezkoa da, gero hautazko bihurtzen da. Nabarran, gainera, zonifikazio linguistikoak (eremu euskalduna, ez-euskalduna eta kidekoa) arrakala sortzen du, eremu ez-euskaldunetan euskal kantuaren presentzia irakaslearen borondatearen menpe dago.

Baskonia Iparra, Frantziako Hezkuntza Nazionaleko curriculum zentralizatua jarraitzen da. Lehen Hezkuntzan (École Élémentaire) astean ordubete inguru ematen zaio hezkuntza artistikoari, gelako tutoreak berak emanda, ez dago musika-maisu espezializaturik, Hegoaldean ez bezala. Ahots-praktika eta entzumen aktiboa dira oinarri. Seaskako ikastoletan eta lerro elebidunetan, edukia euskal kulturara egokitzen da, Frantziako curriculuma errespetatuz. Kolegioan musika ordubetez derrigorrezkoa da, eta Lizeoan hautazko bihurtzen da.

Ikastetxeetatik kanpo, transmisioak bizirik jarraitzen du egitura paralelo bati esker: Hegoaldeko Musika Eskola Ofizialek (arautu gabeak baina babes publikodunak) euskal musika-tresna tradizionalak eta kantutegia irekitzen dizkiote herritar guztiei, eta Iparraldean Soinu-Ttiki bezalako elkarteek, musika eskolek eta abesbatzek betetzen dute hezkuntza arautuak uzten duen hutsunea.

Aniztasun honen aurrean, koordinazioa erronka nagusia da: bakoitzak bere curriculuma jarraitu arren, hiru eremuek gutxieneko komun bat adostu behar dute, aurreko atalean deskribatutako talde koordinatzailearen bidez.

Maisuen formakuntza

Etorkizuneko irakasleen prestakuntzatik hasi behar da dena. Baskonia Hegoan, magisteritza eta batxilergorako irakasle-formakuntza eskaintzen duten unibertsitateek proiektua beren curriculumean sartu beharko lukete, aurreko atalean aipatutako edukiak, non sailkapena, metodologia, hiru administrazioen errealitatea ikasle-irakasleei helaraziz.

Baskonia Iparrean, irakaskuntza ikasketak INSPÉk zuzentzen ditu, Bordeleko Unibertsitatearen menpe eta Pau eta Adourreko Unibertsitatearekin lotuta. Egitura zentralizatu honetan ere tokia egin beharko litzaioke euskal kantutegiari, batez ere Seaskako irakasgai-lerroetan lan egingo duten ikasle-irakasleentzat.

Horrez gain, batxilergorako goi mailako ikasketek ere kontuan hartu beharko lukete kantuok irakasteko gaitasuna, ez soilik Lehen Hezkuntzako irakasleek.

Oraingo irakaslegoaren formazioa

Jada lanean dauden irakasleek ezin dute ikasketa-plan berri baten zain egon proiektua abiatzeko; horregatik ezinbestekoa da etengabeko formakuntza eskaintzea. Tailerrak antolatu beharko lirateke, koordinazio taldeak urtero onartutako zerrenda eta haren aldaketak zuzenean irakasleei helarazteko. Baliabide didaktiko digitalak ere prestatu beharko lirateke: partiturak, audioak eta jarduera-proposamenak, aurreko atalean azaldutako lau kategoriei egokituta (eztarri-urratzaileak, baxu eta sentikorrak, erritmo-gidariak, errepika-zaleak), irakasle bakoitzak bere ikasgelaren izaerara egokitu ahal izateko.

Garrantzitsua da, halaber, irakasleen arteko esperientzia trukea sustatzea, sare digitalen bidez edo urteroko topaketen bidez, bakoitzak probatutakoa partekatzeko. Musika Eskola Ofizialetako irakasleek ere parte hartu beharko lukete formakuntza horretan, eskola arautuaren eta eskolaz kanpoko sarearen artean zubi bat eraikiz.

Herritarrei zela zabaldu

Irakaskuntzaren bidez heldu diren ikasleez gain, ongi legoke biztanlego osoak ere ikastea. Gurasoek eta aiton-amonek beren papera bete dezakete, osagarri gisa, etxean kantatuz eta belaunaldi arteko zubia eginez.

Polita litzateke plan orokor bat egitea, irakaskuntzatik harago: kantu-elkarteetan, bilduma berezi baten bidez, sare sozialetan, telebistan eta abar. Lehiaketek ere bere lekua izan dezakete, jendea modu jostagarrian inplikatzeko. Udalek, jaietako batzordeek eta kultur elkarteek ere zabalkunde-lan hori beren egin dezakete, herriko ekitaldietan zerrendako kantuak txertatuz. Dena ongi letorke, koordinazio taldeak lana zuzen burutzen badu.

Ondorioa

Laburbilduz proiektu honen atzean hiru ideia sinple daude, ulertzeko konplexutasun handirik behar ez dutenak.

Lehena: kantu sorta partekatu batek batzen gaitu. Ez da beharrezkoa denok kantu berdin-berdinak jakitea, baina ehuneko handi bat komuna bada, edonon biltzen garela ere -jaietan, bazkalostean, kontzertuetan- giro bera sor daiteke, herritarra edozein delarik.

Bigarrena: zerrenda ez da monolitiko bihurtu behar. Belaunaldiek, eskualdeek eta herriek beren ukitua eman diezaiokete, eta horrek ez du batasuna hondatzen, aberastu baizik. Kantutegi bizia da, ez museoa.

Hirugarrena: eskola da abiapuntua, ez helmuga bakarra. Haurrek eskolan ikasitakoa etxera eta kalera eramaten dute, baita ere kantu elkarteek, gizarte osoak hartu behar du parte transmisioan, belaunaldiz belaunaldiko kate hori ez eteteko.

Posible al da? Bai, noski, eta ez litzateke izango oso zaila. Erakunderen batek hartu beharko luke bere gain koordinazio hori, eta proiektua aurrera eramateko erakunde serio baten beharra ikusten da.

Hasieran arazoak sortuko lirateke seguru asko, egoak, bakoitzaren gustua, etab., baina pazientziarekin eta irakaskuntza-sarea gogo onez hartuta, denak aurrera egingo luke. Hiru-lau urteren buruan egokitua egongo litzatekeen proiektua da, eta merezi du: jokoan dagoena hizkuntza eta kultura bizirik mantentzea baita, belaunaldi guztiek ahots berean kantatzeko aukera izan dezaten.

Esta entrada fue publicada en Ideia sinpleak, Naming and identity. Guarda el enlace permanente.

Deja un comentario