
Munduko lurralde gehienek identifikatzeko izen eta ikur bakarrak erabili ohi dituzte. Izena, bandera, armarria edo himnoa dira oinarrizkoenak. Baskoniako eremu kulturalean ikur bakar hauek, bakoitzak berea duenez, ez dira guztiz adostu osotasunerako. Izenarekin pluralitatea dagoen bezala, banderarekin ere egoera plurala dago. Bandera aniztasuna dago, ofizialki zein sozialki erabiltzen direnen artean.
Errealitate objektiboa da. Konpontzerik ba al dago? Baietz ematen du, eta hemen proposamen bat plazaratzen da: orain daudenak osorik mantentzen dira Lauburua gehituaz. Lauburua izango litzateke guztiak lotuko lituzkeen elementua, talkarik sortu gabe.
Testu honetan, Baskonia osorako zein instituzio bakoitzak bere bandera propioa mantenduz, nola jokatu daitekeen aztertzen da. Inork eztabaidatu nahi badu errespetoz eta gogo onez, iritziak trukatzea ere ongi legoke.
Gaurko egoera
- EAE edo Baskonia Mendebala: Ikurrina da bandera ofiziala. Gizarteratua eta orokorki onartua dago. Hala ere zenbaitek uste dute Baskonia osorako bandera izan beharko litzatekeela.
- Nabarra edo Baskonia-Nabarra: Nabarrako Foru Komunitateak guztiz araututa du bere bandera ofiziala. Gizartean “pomelatua” deitzen dena ere nahiko zabaldua dago. Zenbaitek uste dute Nabarrako bandera izan beharko litzatekeela Baskonia osoko bandera.
- Euskal Herria Hirugunea edo Baskonia Iparra: ez dago ofizialki banderarik, baina sozialki ikurrina onartua dago, nahiz eta Nabarra Beherean Nabarrako ikurrak ere nonahi ikus daitezkeen.
Baskonia Hegoan, zenbait alderdi politikok jokaera desberdinak dituzte. Esaterako, EAJk ikurrina nahi luke Baskonia osorako. EHBilduk bi bandera erabiltzen ditu: ikurrina eta Nabarrako bandera pomelatua. Beste zenbaitek ikurrina bakarrik nahi dute Baskonia Mendebalerako, eta Nabarrako bandera ofiziala Nabarrarako, bere foru komunitaterako. Gobernu bakoitzak, berea bakarrik erabiltzen du, noski.
Egoera honen laburpena izan daiteke Donibane Garaziko Herriko Etxea, non Europa, Frantzia, Euskadi eta Nabarrako banderak ikus daitezkeen, gehi ate gaineko horman Nabarrako eskutu ofiziala.

Konpondu daiteke
Horretarako bide desberdinak daude. Lehena norberaren ustea inposatzea da, baina horrek ez du praktikan funtzionatzen. Bigarrena da denak lotuko dituen ikurrik ba ote dagoen arakatzea eta hori praktikara eramatea, bide honetatik saiatuaz argi izpiak sor daitezke.
Bi ikuspegi, bi argudio multzo
Baskonia Mendebalean, ikurrina Baskonia osoko ikur gisa ezartzea nahi dute zenbaitek. Baskonia Nabarran, aldiz, gehienek Nabarrako bandera erabiltzea nahiago dute, ikurrina zenbaitek onartzen badute ere. Bi jarrerek dituzte beren argudioak, eta bietan arrazoi historikoak eta sinbolikoak daude.
Nabarraren aldekoek honako hau azpimarratzen dute. Nabarra XII. gizalditik identifikatua dago lehen aldiz, txanpon edo pendoi modura barra pomelatuen bidez, nahiz eta bandera gisa erregeari zegokiola onartu. Geroago, 1910ean, Altadillek eta beste batzuek gaur egun ezagutzen den forma finkatu zuten, kateekin lotua. Gainera, aspaldiko gizaldietatik presentzia handia du heraldikan eta eraikin askotan, gehienetan era pomelatuan, eta horrek sustraitze handia ematen dio lurraldean.
Ikurrinaren aldekoek, berriz, honako hau nabarmentzen dute. Sabino Aranak 1894. urtean diseinatu zuen, eta mende bat baino gehiagoz euskal identitatearen ikur nagusienetako bat bihurtu da, hasieran Bizkairako sortua bazen ere Baskonia osoko ikur moduan zabaldua izan da. Gaur egun, Baskonia Mendebalean ofiziala da, eta Baskonia Iparrean sozialki onartua dago.
Beraz, biek dute zilegitasuna, eta horregatik ez dirudi bietako bat bestearen gainetik ezartzeak konponbide iraunkorra garatuko duenik. Hortik dator proposamen hau: bat ere baztertu gabe, biak errespetatzen dituen elementu komun bat bilatzea du helburu.
Lokarri izan daitekeen ikurra
Lokarria bilatzeko Baskonia osoan erroturik dagoen sinboloetara jotzea izan daiteke bide egokia, biztanleriak bere sustraietan beretzat dituzten sinboloak. Ugari badaude, hemen hedatuenak izan daitezkeen hiru ikur kultural desberdin azpimarra daitezke: haritz-hostoa, ekilorea (Carlina generokoa) eta Lauburua, besteak beste.
Horien artean, haritz-hostoa ez litzateke hain egokia, Bizkaiak bere egin baitu. Ekilorea aukera bat izan daiteke, baina ez da batere erraza ongi marrazteko, eta hori, gero azalduko den bezala, oso garrantzitsua da helburu honetarako. Lauburua, aldiz, lurralde osoan onartua eta historian zein iruditegian sustraitua dago, oinarrizko geometriarekin marraz daiteke eta ez dirudi aurkako jarrera nabarmenik sortzen duenik. Hori nahikoa da hemen planteatzen den lokarri gisa onartzeko.
Hala ere, Lauburua ez dela neutroa esan daiteke. Egia da, ez dago guztiz neutroa den ikurrik. Baina Lauburua beste ikur artean euskaldunok gure egin dugulako da aukerarik onena: lurralde osoan erabili da, historian eta iruditegian sustraituta dago, eta ez dago lurralde bakar batekoa. Mugak ere badituela onartu behar da, baina gainerako aukerek (haritz-hostoa, ekilorea) mugak handiagoak dituzte. Sakondu nahi duenak artikulu hau ikus dezake.
Proposamenak hiru alderdi ditu:
- Lauburua ikur lokarri izatea.
- Lehendik dauden banderak osorik mantentzea.
- Bandera horiek Lauburuarekin batera integratzea: ofizialak eta gizarteratuak diren bandera guztiak Lauburuarekin batera erabiltzea.
Adibide gisa: Athletic eta Osasunaren partida
Eztabaida hau ez da teorikoa soilik. Aurreko batean, 2026ko azaroaren 7an, Osasunak eta Bilboko Athleticek Sadarren jokatu zuten partidan, bi taldeek euren kamisetaren atzealdean ikur bana erakutsi zuten. Athleticek Baskonia osoaren mapa erabili zuen, ikurrina barnean zuela. Osasunakoek, aldiz, Nabarraren ikur estilizatua erabili zuten, puntuz osatua.


Bi taldeak dira Baskoniakoak, eta bakoitzak Baskoniako zati bat ordezkatzen du. Athletic, gainera, Baskonia Mendebaleko lurralde batekoa izanik, Baskonia osoko mapa barnean ikurrina jartzen du, honekin zenbait nabar mindu egin dira, inbadituta sentitu dira, eta kexa sartu dute Nabarrako parlamentuan.
Talde bakoitzak bere ikurra aukeratu zuen, eta ez dago bi aldeak batera ordezkatzen dituen elementurik. Horrek erakusten du arestian azaldutako egoera: bi sentsibilitateek beren ikurra dute, ontzat eta propiotzat hartuta, baina oraindik ez dute elkarrekin partekatzen duten ikur komunik.
Hala ere, aniztasuna normala dela eta ez dagoela ezer konpondu beharrik esan daiteke. Egia da aniztasuna ez dela arazoa. Arazoa da ez dagoela guztiek elkarrekin partekatzen duten elementurik. Athletic eta Osasunaren partidak hori erakutsi zuen. Bakoitzak bere ikurra erabiliz ez zen egon bien artean zubirik egon zezakeen ikurrik. Proposamenak ez du aniztasuna kentzen, biori lotura kulturala gehitzen dio bakoitzari berea mantenduz.
Hori dela eta, Lauburua bezalako lokarri bat proposatzen da, jarraian azaltzen den bezala. Bietako bat ere ordezkatu gabe, bi aldeek elkarrekin erabil dezaketen elementua.
Eta horrela egin balituzte bi ekipoak, hobeto integratuta geratuko litzateke Baskonia, bakoitzari bere esparrua eta bataz besteko errespetua mantenuz.


Banderen arrakasta munduan.
Munduan bandera ugari daude. Baskonia eremu kultural osorako bandera biltzaile gisa Lauburua planteatzen denez, honi ere zenbait ezagutza esperientzia kontutan hartzea zilegi litzateke.
Banderen egokitasuna lantzeko, gehienek, Ipar Amerikako Bexilologia Elkarteak (NAVA) argitaratutako eta Ted Kaye-k bildutako «´Good´ Flag, ´Bad´ Flag: How to Design a Great Flag” bildutako baldintzak erabiltzen dituzte.
Lan enpirikoa da, bost printzipioak 2001eko NAVAren inkestan balioztatu ziren; bertan, ehunka adituk eta herritarrek 72 bandera ebaluatu zituzten, eta balorazio onena jaso zutenek bost arau horiek betetzen zituztela frogatu zen.
Bandera on batek sinplea, adierazgarria eta urrutitik ezagutzeko modukoa izan behar du. Horretarako, bexilologiaren (banderen azterketaren) oinarrizko bost printzipio hauek hartu dira kontuan:
1. Muturreko sinpletasuna
- Marrazteko erraza: haur batek buruz eta zailtasunik gabe marrazteko modukoa izan behar du.
- Xehetasun konplexurik gabea: saihestu degradatuak, itzalak edo ilustrazio landuegiak, haizeak astintzen duenean edo urrutitik begiratzean galdu egiten baitira.
2. Esanahidun sinbolismoa
- Lotura argia: kolore, forma edo elementu bakoitzak erakundearen (herrialdea, hiria, kluba edo enpresa) historiaren, geografiaren, kulturaren edo balioen alderdi erreal bat irudikatu behar du.
- Koherentzia: sinboloek zentzua izan behar dute ordezkatzen duten komunitatearentzat.
3. Oinarrizko 2 edo 3 kolore erabiltzea
- Kontraste handia: konbinatu kolore argiak (zuria edo horia) eta ilunak (urdina, gorria, berdea edo beltza), urrutitik ondo bereiz daitezen.
- Paleta mugatua: kolore gehiegi erabiltzeak diseinua nahasten du eta ekoizpena garestitzen du.
4. Letrarik eta zigilurik gabe
- Testurik ez: hitzak ez dira ondo irakurtzen bandera erorita dagoenean edo haizearekin mugitzen denean, eta atzeko aldetik alderantziz ikusten dira.
- Armarri konplexuak saihestu: erakundeetako zigiluek paperean inprimatzeko pentsatutako xehetasun txikiegiak izaten dituzte, ez oihalean jartzeko.
5. Bereizgarria baina erlazionatua
- Nortasun propioa: ez da erraz nahastu behar existitzen diren beste bandera batzuekin.
- Lotura bisuala (aukerakoa): eskualde edo talde bateko kide bada (herrialde nordikoak beren gurutzearekin edo kolore panarabiarrekin bezala), elementuak parteka ditzake lotura historiko edo kultural hori erakusteko.
Bestalde, ongi legoke adieraztea ere banderetan gehien erabiltzen den kolorea gorria dela. Sinpletasun handiena lortu duten banderak, gero herrialdeko sinbolo gisa ere balio dute. Hauen artean koka daitezke Suitza, Kanada edo Japonia. Gorria eta zuria konbinatzen dituzte, aipatzen den moduan paleta sinplea da, goian aipatutako puntu guztiak betetzen dituzte, eta horri esker munduan zehar gehiengoak oso azkar identifikatzen ditu.
Balio dute ere herrialdeko sinbolo gisa, tamaina txikitzeko eta handitzeko ere guztiz egokiak dira. Kanadak eta Suitzak esaterako sinbolo gisa ere bandera bera eta ikurra erabiltzen dituzte, koloreak ere mantenduz.
Hauek bezala, Lauburuak, bere horretan, ondo betetzen ditu aipatutako bost puntuak: sinplea da eta kolore bakarra erabiltzen du, gorria (banderetan erabiliena eta erakargarriena), hondo gisa, eta Lauburua zuriz marrazten da. Esanahi sinbolikoa du, oinarrizko koloreak erabiltzen ditu (diseinuan, zuria ez da kolore bat bezala kontsideratzen, gainerako koloreak haren gainean marrazten direlako), letrarik edo zigilurik ez du, eta bereizgarria da.
Konbinazio honek ere bandera bakoitzaren printzipioak mantentzen ditu: bandera bakoitzak bere espazioan bere sinpletasuna, koloreak eta nortasuna gordetzen ditu, eta Lauburuak, sinplea eta kolore bakarrekoa izanik, ez du konplexutasunik gehitzen.
Gainera, bereizgarri indartsu bezala, Lauburua erabiliz herrialde horien arteko lotura dagoela erakusten da.
Beste lurralde batzuen esperientzia, bandera konbinatuekin
Beste herrialde batzuetan antzeko bideak erabili dira. Adibide gisa Britainia Handia aipatzen da, ikuspegi praktikoagatik: bere kosmosean dauden edo egon diren lurraldeen banderetan bere bandera txikituta txertatuaz, beste herrialdekori bere nortasuna emanez garatu du. Australiak, esaterako, gaur egun ere mantentzen du horrela.

Hemen Britainia Handiko ikurra integratuz sortu diren beste zenbait banderen eskema.


Beste egoera desberdina baina interesgarria Dinamarka, Noruega eta Suediako banderak dira, bakoitzak berea du, estatu desberdinak dira, baina egitura bereko bandera berdintsuak dira, kolorez aldaturik dituzte, horrela erakutsiz nolabaiteko lotura badutela.
Bide hauei jarraituz, hemen adibide teknikoa izan daitekeena garatzen da, bandera batean beste bat txertatzeko bidea erakusten duelako. Tenore honetan, Lauburuak nexu edo lotesle-lana egingo luke, politikoki komunitate desberdinak izan arren, guztiak kultura-lotura badutela ikustaraziz.
Lauburua zela konbinatu
Garbi geratu denez, oraingo banderak bere osotasunean errespetatuko dira. Hemen zenbait zehaztapen.
Oinarrizko baldintzak
- Banderek proportzio ezaguna dute. Nazio Batuen Erakundeak (NBE) eta Joko Olinpikoek 2:3ra egokitzen dituzte (hiru zati luzera eta bi zati altuera), nahiz eta lurralde bakoitzak bere eremuan beste neurri batzuk ere erabil ditzakeen.
- Nabarrako banderak bere arauetan dauden betebeharrak beteko ditu. Ikurrinak bere proportzio propioa mantenduko du, 14:25 proportzioan, oihalaren bi herenaren barruan.
- Baskonian ofizialak eta gizarteratuak diren ikur eta bandera guztiak egokitzeko moduan erabiliko dira. Ideia nagusia da erabiltzen diren bandera guztiak Lauburuarekin konbinatzea.
- Bandera edo ikurrin bakoitza bere espazio propioan eta osorik mantenduko da, baita Lauburua ere.
- Lauburua beherago ageri diren proportzioen arabera marraztuko da.
Hondoa eta kokapena
- Hondoko kolorea erabakitzeko, kontuan hartu da zaharrena eta historian irudi aldetik iraunkorrena izan den Nabarrako bandera hondo gorriduna dela, eta ikurrina ere hondo gorriaren gainean marraztuta dagoela. Bi garrantzitsuenek gorria dutenez, hori mantentzea proposatzen da.
- Lauburua beti zuria izango da hondo gorriaren gainean.
- Bandera bakoitza solte eta osorik agertzen denean, Lauburua ere bere osotasunean agertuko da, era bakarrean. Lokarri-ikur kultural gisa erabiliko da.
- Beste bandera batekin batera erabiltzen denean, Lauburuaren eremua ezkerreko herenean, goialdean, joango da, eta lehendik dagoen bandera eskuineko bi herenetan kokatuko da.
- Neurri hauekin, bandera ofizialak zein gizarteratuak egokitu daitezke: ikurrina, Nabarrako bandera, Nabarrako pomelatua, etab. Lurralde bakoitzak ere bere bandera egokitu dezake.
- Kasu gehiago eman daitezke, esaterako goian aipatu den futboleko kamisetetakoa. Beti ere, Lauburua eta estatu, komunitate edo lurralde bakoitzeko bandera osorik agertuko dira, inoiz ez bata bestearen gainean elkar zapaldurik.
- Aipatu beharra dago, halaber, oso garrantzitsua dela Lauburua bere horretan, garbi eta zikinkeriarik gabe aplikatzea. Horretarako, ikurrak babes-eremu bat izan behar du bere inguruan: ez dio irudirik, testurik edo elementurik zapaldu behar, eta alderantziz, ez du ikurrak ere beste ezer zapaldu behar. Adibidez, Lauburua ikurrinaren erdian jartzen denean, ikurrinaren diseinua zapaldu eta zikindu egiten da, eta Lauburua bera ere ez da garbi ikusten, hobe biak era independentean marraztea.
Banderak zela osatu
Aukera desberdinak egon arren, zenbait orientabide marraztuko dira, bakoitzak bere beharretara egokitu dezan.
- Lauburua bakarrik: hondo gorria eta Lauburu zuria erdian. Lokarri-ikur gisa erabiltzen da, baina bandera bakar gisa ere funtziona dezake. Edonola ere, ez du lehendik dauden banderarik ordezkatzen. Hondo gorrian zuria ikusten da.
Lauburua marrazteko edo lantzeko erregulatua egon daiteken sare-zirkularra osatzen duen erretikula hau erabili daiteke. Eredu estandard gisa aurkezten da, edonork berdin marraz dezan.

- Ikurrina + Lauburua: Lauburuaren eremuak banderaren zabaleraren herena hartzen du, eta ikurrinak beste bi heren. Lauburua ezkerraldean joango da, goialdean; ikurrina, berriz, eskuinaldeko beheko ertzean.

- Nabarrako bandera ofiziala + Lauburua. Lauburuak banderaren herena erabiltzen du, bandera ofizialak bi heren. Lauburua ezkerraldean joango da, goi aldean, bandera ofiziala berriz eskuin aldeko erdian.

- Nabarrako bandera pomelatua + Lauburua. Lauburuaren eremuak banderaren zabaleraren herena hartzen du, eta bandera pomelatuak beste bi heren. Lauburua ezkerraldean joango da, goialdean; bandera pomelatua, berriz, eskuinaldeko beheko ertzean. Pomelatua hondo horian eta erdian berdea duela erabil daiteke, baita kolore zurian ere.


Probintzietako banderak + Lauburua: modu berean aplika daitezke Arabako, Gipuzkoako, Bizkaiko, Lapurdiko eta Zuberoako banderetan, horrelako premia balego.
Zer erantzun daiteke?
Proposamen honek zalantza praktikoak sor ditzake, eta ongi legoke horiei aurrez erantzutea.
Zergatik ez bi bandera elkarren ondoan? Bakoitzak bere bandera erabiltzen jarraitzen badu, lotura sinbolikoak ez dira sortzen, eta oraingo egoera bera mantenduko litzateke. Lauburuak, aldiz, banderak beti lotzen ditu, eta bakoitzak bere espazioa eta osotasuna mantentzen ditu.
Nork onartuko du» Onarpena gizartetik hasi beharko da, ez goitik behera. Lehenik, gizartea bera erabiltzen hasi beharko da; gero, gizarteko elkarteek (kultur taldeak, kirol klubak, herri jaiak…) hartuko dute, eta azkenik, instituzioek, jada gizartean errotuta dagoenean.
Ondorioa
Baskonian ez dago guztiz onartua den bandera bakarra, eta hori errealitate objektiboa da. Bandera bakoitzak bere jatorria, bere sostengu soziala eta bere ofizialtasuna ditu, eta proposamen honek ez du horietako bat ere ordezkatu nahi. Bestela esanda, helburua ez da dagoena kentzea, dagoenari zerbait gehitzea baizik.
Lauburua Baskonia osoan onartua dagoen eta historian zein iruditegian sustraitua dagoen ikurra da, eta horrek lokarri izateko aukera ematen dio. Ikurrina, Nabarrako bandera ofiziala, pomelatua edo probintzietako banderak osorik mantenduz, Lauburuarekin batera erabiltzeak lurralde guztiek ikur komun bat partekatzeko bidea irekitzen du, inori bere ikurra kendu gabe.
Proposamen hau ez da itxia. Lauburuaren tamaina bezalako xehetasunak erabaki gabe daude oraindik, eta irudi gidak aukera bakoitza ikusteko modua eskainiko du. Konponbide bakarra inposatzeak ez du funtzionatzen; aldiz, denek onar dezaketen bide bat elkarrekin bilatzeak badu aukerarik. Horregatik, irakurle bakoitza gonbidatzen da proposamena hausnartzera eta, nahi izanez gero, argudioekin erantzutera.
