Bada gure artean maiz erabiltzen dugun hitza “elkarlana”. Euskal lurraldeen izenaren korapila elkarlanean konpondu behar dugula gauza nahiko begi bistakoa delakoan nago. Iritzi batekoa izan ala bestekoa, bide bakarra elkarlana dugu.
Animo horrekin egin ditut euskal lurraldeon izena/izenen auzia konpontzeko hainbat ekarpen. Beste batzuek egiten dituztenak ere horrela ulertzen ditut, norbaitek bere ekarpena egiten duenean izugarrizko poza ematen dit, aportazioz aportazio eta denon artean, gaiaren ertz guztiak kontutan hartuta, argia bilatuko dugulakoan nagoelako.
Aurrekoan, Asier Barandiaran Amarikak, Eusko Ikaskuntzaren Nafarroako lehendakariordeak, idatzi zuen “Elkarlana da «Baskonia» eratzeko giltza” artikuluan aipatzen zuen izenaren moduko gai batean kontutan hartu behar den faktore -ertz- interesgarri bat, biztanlegoaren oniritzia jasotzearena. Nafarroan oniritzi gehien duen izena aipatzen zuen, Baskonia hain zuzen.
Euskal lurraldeen izenaren korapila konpontzeko, faktore horrek esatea nahi duena da izenak gehiengoaren oniritzia lortu beharko duela, bai osotasunean bai parte bakoitzean, baina batez ere arbuiorik ez duela jaso behar. Erraza da, geografiaren alde batek ezin du inposatu beste aldean inoiz ontzat eman, eta seguruenik emango, ez dena; are gutxiago parte batek ez badu entzun ere egiterik nahi bestearen proposamena.
Honela idazten zuen Nafarroako ikuspegiaz, 2019ko ekainaren 7an Berria egunkarian, aipatutako artikuluan gai honi buruz egin zuen aipuan “Elkarlanean, modu apal, tinko eta irudimentsuan aritu beharko dugu, «Baskonia» (hemen oniritzi gehien duen edo aurkakotasun gutxien duen terminoetako bat) delakoaren proiektu sozial, kultural eta garapenezkoan aitzina joateko. Ez zaigu bertzerik geratzen.” https://bit.ly/2XBbBbx