
Ahaleginduko naiz era sinplean azaltzen izen erabiltzen ditugun izen bakoitzaren motiboak. Bi liburu[i] ditut gai honen inguruan idatziak, ikus iazkoaga.com bloga, eta artikulu batean zenbait gauza laburtzea ez zait egiten batere erraza. Hala ere Ideia sinple hauetan behin eta berriro erabiltzen dudanez Baskonia izena, egokia iruditzen zait argitzea, berriro ere eta orrazkera errazagoan, zergatik den gure lurraldea izendatzeko izen edo deitura egokiena.
Eta horrek eskatzen du arrazoinatzea zergatik ez diren Baskonia baino egokiagoak edo hobeak, bere osotasunean, orain erabiltzen diren Euskal Herria, Euskadi, Nabarra, Baskonabarra, País Vasco, Pays Basque, Basque Country edo Basqueland, Baskenland… izenak. Saiatuko naiz urrats berdintsuekin guztiak erantzuten.
Begiratu behar dugu euskaldunok gure buruari deitzen diogun modua, baina baita ere kanpoan izen bakoitzak duen erabilgarritasuna, eta ondoen borobiltzen gaituen izena bai barnean eta kanpoaldean. Begiratu behar da ere zela koordinatu daitekeen jentilizio eta kodeak, baita mundu digitalean zer era izan daiteken aproposena eta tartean kodeak ere kontuan hartuta.
Izena zehazteko beti planteatu ditut baldintza hauek. Hauek dira gure herrirako izen batek bete behar lituzkeen baldintza orokorrak, egokia izan dadin eta mundu osoan funtziona dezan:
Konpaktua (izen bakarra, edo bedi konpaktatua)
Berdina hizkuntza guztietarako (euskara barne)
Inklusiboa (identitate eta ideologiarik baztertuko ez duena, haserreak ekidituz)
Identifikatzailea, errekonozigarria eta desberdina (bereizmenduna izan dadin)
Historikoa (ez berria, historian erabilitakoarekin konkordantzia izango duena)
Ongi legoke ere kontuan hartzea
Trinkotasuna
Luzera (silaba/hizkiak)
Euskal/erdal hiztunen komunitateak errespetatzea
Ahalbideratzea biztanlego kohesionatuagoa
Eremu osoko izenak, zein barne zatien izenek, ez dezatela beraien artean talka egin
Deitura, hizkuntzaren izena eta jentilizioaren artean konkordantzia bilatzea
ISO kodeetan lekua izatea
Akronimoak egiterakoan, eremu bakoitzak bakarra eta berea izatea
Baldintza hauekin hemen aipatutako izen bakoitzeko landutako AMIA (Ahuleziak, Mehatxuak, Indarguneak eta Aukerak) planteatzen dira.
Euskalherria (Euskal Herria)
Euskal Herria da euskaldunok gehien erabiltzen dugun hitza, gehienetan etxetik ikasia eta oso kuttuna egiten zaiguna. XVI. gizalditik ezagutzen da Lazarraga eta Leizarragak jasoa eta hurrengo gizaldian Axularrek bere Gero liburuan ongi azalduta, euskara mintzo den lurraldeen izena zehazteko. Hemen konpaktutasunaren alde onak ikusirik Euskalherria elkarturik erabiliko genuke, Euskal Herria formak bi hitz gehitzen dituelako eta izenari indarra kendu.
• Indarguneak
Izen konpaktua, garbia; XVI. mendetik historian; Bereizmen maila altua; ahoskera eta idazkera homogeneoak; Guztiz onartua, erabilera normaldua eta oso ongi ikusia euskaldunen artean; Idazkera eta ahoskera arazo gabe, ez ikuspegi peioratiborik hizkuntza guztietarako.
• Ahuleziak
Izena luzea da (5 silaba eta 12 hizki/digitu); Ez du jentilizioarekin edo hizkuntzarekin koordinatzen munduko ezein hizkuntzatan, euskaraz izan ezik<, Bertako hizkuntzan idatzita dago, eta hori oso zaila da euskaldunak ez direnentzat; Euskara ez den hizkuntzetan sartzerik ez; Ezezaguna nazioartean; Euskaraz hitz egiten duen herria adieraztean, batzuen ustez, eremu batzuetan inoiz ez denez euskaraz hitz egin, izendapen horrek ez luke lurralde osoa hartuko; Esanahi bikoitza: euskaraz hitz egiten duen jendea eta euskara hitz egiten den lurraldea; ISO kodea aplikatzeko arazoak; Ez du basko edo nabarro izenen indarra aprobetxatzen; Baskonia Mendebaldea (gaur egun EAE) Euskal Herriarekin nahasten duen jende asko dago
• Aukerak
Bereizketa indartu dezake
• Mehatxuak
Trinkotuta idazteak kontrakoak izan ditzake; Euskara erabiltzen ez dutenek uko egin diezaiokete beste izendapen baten alde egin dutelako; Identifikazioan nahasmena sortuko luke (euskaraz hitz egiten ez dutenak baztertzen dira?); Izena kanpoan finkatzea luzea, aspergarria eta dispendio handikoa izan daiteke.
Euskadi (Euzkadi)
Euzkadi hitza, EAJren sortzaile Sabino Aranak 1894. urtean finkatu zuen, neologismo bat da. Oso ondo funtzionatu du esparru jeltzalean eta baita ere hasierako mugimendu abertzalean zein ezkertiarrean. Gaur egun Euskal Autonomi Elkargoaren deitura ere bada.
Hemen Euskadi moduan tratatuko dugu, ofiziala baita. Oraindik badaude, JEL jarraitzaile zenbait Euzkadi modua defendatzen dutenak, baina gutxitzen joan dira, beraz hemen Euskadi gisa erabiliko dugu.
• Indarguneak
Izen trinkoa, irmoa, Garbia; Tradizio historiko laburra (XIX. mendearen amaieratik); Bereizketa-maila handia; Ahoskera eta idazkera homogeneoak; Malkoak eta odola isuri dituen izena da; Interneten du presentzia; Idazteko arazorik gabe, ahoskera edo esanahi gutxiesgarririk gabe.
• Ahuleziak
Gaur egungo EAErekin identifikatzen da; herrialde osoko zatietako baten izen ofiziala da; Herritar askok errefusatzen dute (batez ere Nabarran); Jentilizio eta hizkuntzarekin euskaraz baino ez du koordinatzen; Ideologikoa da, bereizketa politikoa bilatzeko helburuarekin sortua; Gaur egun esparru antropologikoa eta politikoa bereiztea beharrezkoa ez denez, hasierako funtzioa galdu du; ISO kodeekin arazoak, Izen historiko guztiak galtzen dira. Ez du basko edo nabarro izenen indarra aprobetxatzen; Hizkuntza eta herrialde ezberdinetan gutxi edo batere ez da sartzen, herrialdea bera eta, neurri txikiagoan, Espainia izan ezik; Barruan Euskadi izenarekin funtzionatzeak kanpoan beste izen batekin funtzionatzera behartzen du, eta horrek marka ahultzera eramaten du; Ezezaguna nazioartean
• Aukerak
Bereizketa indartu dezake
• Mehatxuak
Herritar talde handi batek ez luke inoiz aukera hori onartuko; Arazoak izango ditu egungo administrazio-egituran aurrera egiteko; Izena finkatzea, batez ere kanpoan, luzea, aspergarria eta dispendio handikoa izan daiteke.
Nabarra (Nafarroa, Navarra, Navarre)
Euskal lurralde osoaren izen gisa Nabarra deitzea eskatzen dutenak ugari dira. Hala ere une honetan ez da nagusia.
Era berean euskaraz Nafarroa erabiltzen da ofizialki, baina izena horrela erabiltzeak zenbait euskalkitik urruntzen du eta gainera ezagutza aldetik ere indarra kentzen dio, gazteleraz Navarra gisa idazten baita, eta frantsesez Navarre. Guzti honegatik Nabarra hitza aukeratu dugu aztertzeko.
• Indarguneak
Izen trinkoa, irmoa, garbia; Bigarren izen zaharrena (VIII. mende etnonimoa, X. mende koronimoa); Bereizketa, guztira; Ahoskera eta idazketa homogeneoak; Berdin hizkuntza guztietan; Koordinazioa jentilizioarekin (izena orokortuko balitz); Idazteko arazorik gabe, ahoskera edo esanahi gutxiesgarririk gabe.
• Ahuleziak
Nabarra Altarekin (egungo NFE) nahasten da; Herrialde osoaren zati bakar baten izen ofiziala da; Gaur egun sakabanatuta dauden eremuko zati guztiak integratzeko onarpena falta zaio; Basko asko ez dira nabarroak sentitzen; Ideologia batzuek ez dute onartzen nabarroak basko gisa sartzea; Ez du jentilizioarekin koordinatzen (eremu osotik), ez euskaraz, ez beste hizkuntza guztietan; Ez dago koordinaziorik hizkuntzarekin
• Aukerak
Azkar zabal daiteke hizkuntza guztietan; Denbora-tarte labur batean finka daiteke; Ibilbide historiko eta presentzia handia du Frantzia eta Espainiako historian; ISO kodeetan leku bat erraz aurki daiteke
• Mehatxuak
Beren burua nabarrotzat jotzen ez dutenek onartzeko zailtasunak; Euskararen munduan erresistentzia aurkituko luke; Adimen Artifizialak ez lukete erraz bereganatuko eremuko beste gaurko zati adiministratibo batzuekin; Arazoak izango lituzke egungo administrazio-egituran aurrera egiteko.
Baskonabarra (Vasconavarra)
Epe luze batean Nabarra Garaia eta beste hiru lurraldeek osatzen duten hegoaldeko eremuari Vasconavarra gisa erabili izan zaio. Batez ere gerra karlistetan eta ostean, oraintsu arte bizi izan dena.
Defendatzen dugun idazkera moduari jarraituz Baskonabarra gisa idazten dugu.
• Indarguneak
Izen trinkoa, irmoa, garbia; Tradizio historikoa (XIX. mendearen hasieratik, tradizio historiko handiena duten izenak batzen ditu); Bereizmen osoa; Ahoskera eta idazkera homogeneoak (euskarak onartzen badu) hizkuntza guztietan; Erabateko koordinazioa jentilizioarekin hizkuntza guztietan, euskara izan ezik; Erabateko koordinazioa hizkuntzen izenarekin hizkuntza guztietan, euskara izan ezik; Ideologia guztiek onartu dute aurreko urteetako historian; Bi errealitate historikoren indarrak batzen ditu, nabarra eta baska.; Ez du zertan traba egin egungo egitura politiko administratiboari
Identitate eta sentsibilitate guztiak integratzen ditu; Espazio antropologikoa ulertzen laguntzen du (nahi duenak nabarro, edo basko, edo baskonabarro); Idazteko arazorik gabe, ahoskera edo esanahi gutxiesgarririk gabe.
• Ahuleziak
Izena luzea da (5 silaba eta 12 hizki/digitu); Ez du presentzia nabarmenik Interneten, gaur egun oso gutxi erabiltzen baita; Euskaraz ez du koordinatzen jentilizio eta hizkuntzarekin; Euskarari ahalegin gehigarri bat eskatzen dio integratzeko; Batzuentzat tautologia bat da, nabarrako hizkuntza baskoaren aldaera(k) den aldetik; Ezezaguna nazioartean multzo gisa (ez zati bakoitza); Ia neologismotzat har daiteke, beti erabili izan baita adjektibo gisa.
• Aukerak
Hizkuntza guztietan hedatzeko erraztasuna; Azkar finkatzeko aukera ematen du
ISO kodeei dagokienez, lekua erraz aurki daiteke; Inklusibotasun handia, indarrak batu ditzake, bai administrazioaren aurrean, bai bi guneak koordinatu nahi ez dituzten interesen aurrean; Multzoaren aurka sistematikoki daudenei argudioak kentzen dizkie
Lurralde-eremua hobeto identifikatzen laguntzen du; Adimen Artifizialak beste adiera batzuekin barnera dezakete (Baskonia/Vasconia/Pais Vasco/Pays Basque/Basque Country/Navarra/Navarre/Nafarroa)
• Mehatxuak
Izen trinkoa denez, eta bere zatietako bat bestea integratzea denez, talde batzuk kontraesana areagotzen saia daitezke; Batzuen ustez, baskoak ez ezik, nabarroak ere badira baskoniarrak; Nabarran gaitzespen mugimendu bat eman zitekeen, mendebaldeko baskoek bi komunitateak berriro bateratzeko egindako saiakera bat dela adieraziz; Erresistentzia aurki daiteke euskararen munduan.
País Vasco, Pays Basque (Basque Country, Basqueland, Baskenland)
Pays Basque, Frantzian zenbait lurraldeentzako zabaldu zen Pays kontzeptutik dator, eta hortik erakarri zen gaztelerazko País Vasco, gaur egun ofiziala den hiru lurralde historikoak osatzen duten eremuan. Hortik dator ere ingelesezko Basque Country itzulpena.
Alemaniarrek, ostera, Baskenland hitza erabiltzen dute eta batzuk diote Basqueland izan beharko litzatekeela ingelesez ere, Country eta Pays ez direlako kontzeptu bera.
Beste batzuk diote «landa» Europa guztira hedatu zen euskal izena dela, nahiz eta eritzi kontrajarria eta marjinala izan hizkuntzalaritzan. Dena den lan honetarako ez da kontuan hartuko izena bera konplikatu egiten baita.
• Indarguneak
Izen historikoa XVII-XVIII mendekoa; Ezagunena munduko hizkuntza nagusietan; jentilizioarekin koordinatzen du; Errekonozigarria da mundu mailan.
• Ahuleziak
Ez da izen konpaktua; Hizkuntza desberdin guztietan derrigorrez itzuli egin behar da; Bereizmenik ez du, hizkuntza batean ere ezin da identifikatu aldatu gabe; Barne identifikazioa aldakorra; Ez du koordinatzen jentilizioarekin; Idazkera aldakorra hizkuntza batetik bestera, Euskaran derrigor aldatu behar da.
• Aukerak
Hizkuntza desberdinetan aldakorrekin onartua izan daiteke
• Mehatxuak
Nabar batzuk ez dira basko sentitzen, ISO kodeekin nahasmena sortzen du; euskaraz aldakorra da, euskara munduan onartzeko arazoak; Adimen Artifizialean arazoak ongi identifikatzeko
Baskonia (Vasconia, Wâskonia)
Baskonia hitza euskal idazkerara erakarria da erabiliko dudan forma. Latinez Vasconia, v letrarekin idazten baita eta historia askotan errepikatu da. IV. mendetik forma da eta beraz zaharrena. Kontuan izanik latinez v eta u letra bera dela XI. mendean era horrela marraztu zen Saint Sever-eko beatoaren Mapa Mundi-an ere.
Lehen liburuan Wâskonia forma lehenetsi nuen, baina balorazio sakona egin ondoren saihestu egin dut forma hau, Baskonia hitza aukeratu nuen egokiena moduan.
• Indarguneak
Izen trinkoa, irmoa, garbia; Izen historikorik zaharrena (K.a. II. mendea – IV. mendea); Bereizmen osoa; Ahoskera eta idazketa homogeneoak; Berdin hizkuntza guztietan; Erabateko koordinazioa jentilizio eta hizkuntzarekin, (gaur euskaran salbu); Idazteko arazorik gabe, ahoskera edo esanahi gutxiesgarririk gabe; Nazioartean erraz ezagutzeko modukoa
• Ahuleziak
Badira basko sentitzen ez diren nabarroak, non ideologia batzuek baskoekin inolako harremanik ez duten; Euskaraz ez du koordinatzen orain erabiltzen den jentilizioarekin eta hizkuntzarekin; Euskarari ahalegin gehigarri bat eskatzen dio integratzeko
• Aukerak
Erraz heda daiteke hizkuntza guztietan; Azkar finkatzeko aukera ematen du, bai barruan, bai nazioartean; ISO kodeei dagokienez, lekua erraz aurki daiteke; Izen hori saskibaloi-talde handi batek erabiltzen du, eta horrek lagundu dezake izena onartua izan dadin; Adimen Artifizialak beste adiera batzuekin barnera dezakete (Baskonia/Baskonia/Pais Basko/Pays Basque/Basque Country)
• Mehatxuak
Basko sentitzen ez direnen aldetik onartzeko zailtasunak, batez ere Nabarran; Erresistentziak aurki daitezke euskararen munduan; Adimen Artifizialak zailtasunak izan ditzakete Nafarroa/Navarre/Nabarra/Navarra eta Euskalherria Baskoniarekin asimilatzeko; Egungo testuinguru administratiboan aurrera egiteko erresistentziak aurki ditzake; Euskadi edo Euskalherria izena lehenetsi nahi dutenen artean gaitzespen ideologikoa aurki daiteke.
Ondorio ebazpena
Hasieran ezarritako baldintzei jarraituz —konpaktutasuna, hizkuntza guztietarako berdintasuna, inklusibotasuna, identifikagarritasuna eta oinarri historikoa— izen bakoitzaren AMIA aztertu da banan-banan. Analisi horrek argi utzi du izen bakoitzak bere ahultasun garrantzitsuak dituela.
Euskal Herriak sustrai sakonak ditu euskaldunon artean, baina bere luzerak eta euskaraz baino koordinatzen ez duenak nazioartean hedatzea zailtzen dio, eta gainera esanahi bikoitzak (herria/hizkuntza) nahasmena sor dezake. Euskadik, historia laburragoa izanik, karga ideologiko handia darama eta gaur egungo administrazio-egitura bakar batekin identifikatzen da, hasieran zuen bereizketa-funtzioa galduz. Nabarrak antzinatasun handia du, baina lurralde-zati bakarraren izen ofizialarekin nahasten da eta ez du osotasuna biltzeko onarpen zabalik. Baskonabarrak identitate biak uztartzeko ahalegin interesgarria eskaintzen du, baina ia ezezaguna da gaur egun, eta euskaraz ez du koordinatzen. Azkenik, País Vasco/Pays Basque/Basque Country/Baskenland multzoak ezaguna izatearen abantaila du, baina hizkuntza bakoitzean forma desberdina hartzeak indarra kentzen dio nazioarteko marka gisa, eta ez du inolako jentilizio-koordinaziorik.
Baskoniak, aldiz, faktore horiek guztiak modu koherenteagoan betetzen ditu: izen trinkoa da, historikoki dokumentatutako izenik zaharrena (K.a. II. mendetik), hizkuntza guztietan forma ia berdina hartzen du eta jentilizioarekin koordinatzen du (euskara izan ezik). Bere ahultasunak —batez ere euskararekiko koordinazio-falta eta nabarro batzuen artean sor dezakeen erresistentzia— existitzen dira, baina AMIA guztiak alderatuta, gainerako izenek dituzten ahulezia eta mehatxu kopuruarekin konparatuta, Baskoniarenak dira gutxienak eta, era berean, arinenak konpontzeko.
Horregatik, faktore guztiak zehazki baloratu eta gero —ez inpresio hutsetik, aztertutako irizpide zehatzetatik abiatuta—, Baskonia ateratzen da izenik egokien eta orekatuen gisa: historikoki sendoena, nazioartean koherenteena eta, era berean, hizkuntza eta jentilizio aldetik gehien koordinatzen dena. Hori dela eta, hemen aurkeztutako izen guztien artean, Baskonia da gure lurraldea izendatzeko proposamenik egokiena.
[i] Azkoaga Bastida, Iñaki (201) Vasco ¿Cómo se llama tu país?. Autoedición (ikus)
Azkoaga Bastida, Iñaki (2022) Baskonia, una solución al problema del nombre del país de los baskos. Ed. Beta. (ikus)